Eskulturari eman diot bizitza eta eskulturak bizitza eman dit. Aroztegiren sarreran dagoen esaldi horrek laburtzen du behin aretoan sartuta, ikusleak topatuko duena: harrizko, brontzezko eta egurrezko lan ikusgarriak. Lorenzo Askasibarren bizitzari errepasoa egiten dioten lanak. Bere bizitzaren etapa ezberdinei erreferentzia egiten dieten eskulturak.
Eta horiei guztiei begira, eskultorearen bidelagun izan diren pertsonak. Besteak beste, emazte Kontxi eta semea. Era berean, ez dute hutsik egin gaztetako bere lagunek, eta maisu izan zituen hainbaten oinordekoek: Simon Arrietaren alaba, Fernando Azkargortaren semea, Martin Guridiren alaba, eta Jesus Okinaren semea, besteak beste.
Jesus Okina izan zen Askasibarren lehen maisua, baina, haren anaia Miguel margolariarekin ere asko ikasi zuen. Bada, Miguel Okina ere ekitaldian egon da. 97 urterekin ez du hutsik egin.
Lorenzo Askasibar Ubera auzoan jaio zen, auzo hori Elgetakoa zenean. Hori horrela, Elgetako alkate Iraitz Lazkano ere egon da ekitaldia, Bergarako alkate Gorka Artolarekin eta alkate orde Ainhoa Leterekin batera.
Liburuaren aurkezpena
Aroztegiko erakusketaren inaugurazioan egondakoak, udaletxeko osoko bilkuren aretora joan dira ostera, Miguel Angel Elkoroberezibarren L. Ascasibar. Eskultore baten testigantza liburuaren aurkezpenera.
Han kontatu ditu liburua idaztearen ideia nondik sortu zen, eta Askasibarren munduan murgiltzea zein aberasgarria izan den. "Lorenzok dio liburua opari bat izan dela, eta nik diot, liburua idaztea izan dela benetako oparia. Bidaia luzea bezain aberasgarria egin dugu elkarrekin. Kontakizuna egiterako orduan, berak markatutako mugak errespetatu ditut. Lehen aldia izan da bizirik dagoen pertsona bati buruzko liburua idatzi dudana, eta oso pozik nago emaitzarekin", esan du Elkoroberezibarrek.
San Pedro parrokian, bisitak
Aroztegi aretoko erakusketaz gain, Bergarako hainbat lekutan, badaude Askasibarren eskulturak ikusgai. Besteak beste, Simon Arrieta plazako pintorearen omenezko brontzezko eskultura, eta San Pedro parrokiako Pietatearen irudia. Bada, azken hori bisitatu ahal izateko, erakusketa zabalik dagoen bitartean (ekainaren 20ra arte), San Pedro zabalik egongo da Pietateari buruzko azalpenak jaso gura dituztenendako: martitzenetan eta eguenetan 18:00etatik 20:30era arte, eta zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara.