2021eko Batzar Nagusia egin du gaur Fagor Taldeak, eta 2020 ekitaldiaren balorazioa, COVID-19aren testuingurua eta aurrera begirako erronkak izan dira hizketagai.
Hain zuzen ere, etorkizunari begira, Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu da; alegia, bost konpromiso nagusi hartu ditu hamarkada honi begira: ekonomia digital, deskarbonizatu eta zirkular baten testuinguruan enplegua sortzen jarraitzeko negozioak eraldatzea; gobernantza eredu demokratikoa hobetzen eta garatzen jarraitzea; testuinguru egokiak sortzea pertsonek "euren onena" eman dezaten; larrialdi klimatikoari aurre egiteko karbono aztarna murriztea; eta lurraldearen eraldaketan inplikatzea.
4 milioi euro, komunitateari
2019koak baino "apalagoak" izan dira emaitza ekonomikoak, Joxean Alustiza lehendakariaren esanetan. Alustizaren iritziz, pandemia ez da "ustekabean" pasa baina, halere, egoerara "egokitzeko gaitasuna" erakutsi dutela esan du: "2020koa ekitaldi konplikatua izan den arren, gure bazkideek egindako ahaleginei esker, urtea emaitza txukunekin bukatzea lortu dugu".
1.260 milioi euroko salmentak izan ditu Fagor Taldeak, eta 28,4 milioi euroko irabaziekin bukatu du urtea. Hortik, baina, 4.067.653 euro komunitatera bideratu ditu Taldeak, IPDK fondotik. "Komunitatetik sortu ginen, haren parte gara eta hari ekarpena egitea dagokigu", azaldu du Alustizak. Debagoiena 2030ek, kooperatibetako euskara planek, Gizabidea Fundazioak, Mondragon Fundazioak, Mundukide Fundazioak eta hainbat interkooperazio proiektuk jasoko dute Fagorren laguntza.