Ereindajan egitasmoak 'Elikabira' sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 26a, 12:59

Barazkiak saskian. (Iturria: Markus Spiske)

Formakuntza saio bat eta eskualdeko etxaldeetara antolatutako bisitak iragarri dituzte ekainerako. Bidezko Elikadura erakundeko koordinatzaile Eneko Viñuelak gidatuko du irekiera saioa, ekainaren 2an, Elgetan. Eskualdeko ekoizleen lana bertatik bertara ezagutzeko bisitak ekainaren 27rako iragarri dituzte.

Familiendako elikadura eskola proposatzen dute Ereindajan egitasmoko kideek Elikabira sentsibilizazio kanpainari hasiera emateko. Zabalik da Debagoienean ere eskoletako jangela ereduaren gaineko debatea, eta badira gurasoak eredu aldaketa aztertzeko eskaera egiten dutenak.

Gai horren inguruan gaur egungo egoera zein den azaltzeko eta indarrean den araudiak zer adierazten duen argitzeko gonbidatu dute Bidezko Elikadura erakundeko koordinatzaile Eneko Viñuela. Elgetako Espaloia kafe antzokian egingo du saioa ekainaren 2an, eguaztena, 18.00etan.  "Azken urteetan ibilbide luzea egin du Euskal Herriko zein nazioarte mailako jangela ereduak ezagutzen, eta baita ere gurean indarrean den araudia aldatzeko", azaldu du Ereindajaneko kide Ainhoa Narbaizak. "Jangela ereduen berri emango du, eta azalduko du nola lortu duten beste ikastetxe batzuetan bertako produktuekin lan egitea, sukalde propioa jartzea, eredua aldatzea...".

Bisitak ekoizleen etxaldeetara

Elikabira kanpainaren barruan hainbat bisitak antolatu dituzte eskualdeko etxaldeetara. Ekainaren 27rako daude aurreikusita hainbat helbururekin: eskualdeko kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harremana indartzea, ekoizle ezberdinen ogibidea, produktuak eta etxaldea ezagutzea, ekoizpen ekologikoa, salmenta zuzena, ekoizpen proiektu txikiak, eskualdeko txokoak bultzatzea, eta abar.

Bisitak, esan moduan, ekainaren 27an egingo dira, 10:00etatik 13:00etara. Ekoizleen azalpenak entzuteko aukeraz gain, dastaketa eta fruitu bilketarako aukera ere egongo da. Ekintzan parte hartuko duten etxaldeak honakoak dira:

  • Atxineta baserria (Aramaio). Frutagintza eta abeltzaintza (ahabiak, oreinak...). Gazteleraz.
  • Errastiko ogia (Arrasate). Ogi ekoizlea. Euskaraz.
  • Mendibitzu baserria (Aretxabaleta). Abeltzaintza (ardiak, zaldiak, behiak...). Euskaraz.
  • Ziarreta baserria (Bergara). Baratzea. Euskaraz.
  • Iturrieta baserria (Aramaio) Frutagintza, sagardoa. Euskaraz.

Interesatuek esteka honetan eman behar dute izena. Edozein argibide behar izanez gero idatzi jangelak@ereindajan.eus helbidera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak