Hamaika kasu hauteman dira bailaran; horietatik bost, Aramaion

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 26a, 12:55

Bost kasu baieztatu dira Aramaion, hiru izan dira Arrasatekoak eta bana atzeman dira Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin. Hala, Osasun Sailaren azken doiketak kontuan hartuta, 7.650 debagoiendar kutsatu dira orain arte.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasetan aldaketak egon dira azken orduetan; batez ere, Aramaion, izan ere, 608,11ko zenbatekoa erregistratu du. Hala, gorriz markatuta ageri da beheko mapan, 400eko langa gainditzen duelako. Halaber, beste kolore aldaketa bat ere izan da: Eskoriatza berdetik horira igaro da, 73,12ko tasa erregistratu ostean.

Datu guztiak daude eguneratuta mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Heriotzarik ez, Debagoienean

Azken astean COVID-19aren ondorioz zendutakoen berri eman du gaur Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoan. EAEn, hemezortzi lagun hil dira maiatzaren 17tik 23ra bitartean –aurreko astean baino zazpi gutxiago–. Hala, guztira, 5.510 pertsona dira pandemia hasi zenetik Hego Euskal Herrian zendu direnak (4.328 EAEn eta 1.182 Nafarroan).

Debagoienera etorrita, ez da heriotzarik izan azken astean, eta hortaz, datu metatuak ez dira aldatu: 168 debagoiendar hil dira koronabirusaren eraginez. Goiko mapan daude herrietako datuak.

429 positibo, Hego Euskal Herrian

Guztira, 10.014 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian atzo, eta % 4,3k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta % 2,3k Nafarroan; 429 kasu baieztatu ziren, hain zuzen ere. Zehatzago esanda, 228 izan ziren Bizkaian hautemandako kasuak, 121 Gipuzkoakoak, 50 Nafarroakoak, 29 Arabakoak eta bat bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoa. Bestetik, EAEko oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) gora egiten jarraitu du azken orduetan: 0,97ra igo da.

Ospitaleetan, berriz, presioa arintzen ari da egunetik egunera: EAEn, aurreko egunean baino 27 lagun gutxiago daude erietxeetan (sei gutxiago ZIUn eta 21 gutxiago plantan). Guztira, azken datuen arabera, 302 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 111, ZIUn. Nafarroan aldiz, lau lagun ingresatu zituzten atzo eta 56 daude guztira ospitaleetan; horietatik hamasei, ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak