Lau positibo baieztatu dira Arrasaten eta hiruna Aramaio eta Aretxabaletan

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 25a, 12:37

Hamar izan dira azken orduetan Debagoienean hautemandako COVID-19 kasuak. Hala, pandemia hasi zenetik, 7.621 lagun kutsatu dira bailaran: 3.045 Arrasaten, 1.571 Bergaran, 1.363 Oñatin, 778 Aretxabaletan, 395 Eskoriatzan, 234 Antzuolan, 162 Aramaion, 64 Elgetan eta bederatzi Leintz Gatzagan.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Eskualdean atzemandako kasuak ehunekotan banatuz gero, erregistratu diren kasuen % 42,9 Arrasaten hauteman dira, %21,5 Bergaran, % 14,9 Oñatin, % 9,8 Aretxabaletan, % 4,8 Eskoriatzan, % 3,1 Antzuolan, % 1,9 Aramaion eta % 1 Elgetan.

Eta, azken bi asteetako datuak kontuan hartuta, herrietako intzidentzia-tasa metatuek behera egiten jarraitzen dute; nahiz eta maparen kolorea ez den azken orduetan aldatu. Zenbatekoek behera egin dute oro har, baina salbuespena Aramaio izan da: atzo erregistratutako hiru kasuek 270,27ra igo dute tasa.

Hurrengo mapan daude herri guztietako datu eguneratuak:

Made with Flourish.
  • Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Hego Euskal Herrian, 329 kasu

Positibo berriei dagokienez, 10.684 PCR eta antigeno proba egin ostean, 329 kasu baieztatu dituzte erkidegoan: 160 Bizkaian, 91 Gipuzkoan, 53 Nafarroan, hemeretzi Araban eta sei bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Gauzak horrela, positibotasun-tasa jaitsi egin da eta % 3,2koa izan zen atzo EAEn eta % 2,7koa Nafarroan.

Eta behera egiten jarraitzen dute EAEko lurraldeetako intzidentzia-tasek ere. Mapa honetan adierazten da urtea hasi zenetik hona izan duten bilakaera:

EAEko oinarrizko birsorkuntza datuak (R0), ordea, kontrako joera hartu du, eta gora egin du seigarren egunez: 0,81ekoa izan zen duela astebete eta atzo 0,97ra iritsi zen. Datu honek adierazten du kutsatuta dagoen pertsona bakoitzak zenbat lagun kutsatzen dituen batez beste, eta 1,00etik gorakoa bada, pandemia hedatzen ari dela ondoriozta daiteke.

EAEko ospitaleetan, berriz, 40 lagun ingresatu dituzte azken orduetan, eta 329 daude guztira erietxeetan koronabirusaren eraginez: 212 plantan (herenegun baino bi gutxiago) eta 117 ZIUn (herenegun baino zazpi gutxiago). Eta Nafarroan, atzo ez zen ospitaleratzerik erregistratu. Hala, azken datuen arabera, 64 dira ingresatuta daudenak eta horietatik hamahiru dira ZIUn daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak