Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 dokumentuak lau lan lerro estrategiko definitzen ditu: euskarazko eduki digitalak sustatzea; euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea; euskarari eta euskarazko baliabideei ikusgarritasuna ematea, erabilera areagotzeko; eta zaintza teknologikoa ziurtatzea.
Lan lerroak eta horietan txertatu dituzten gomendioak garatzeko 24 ekintza proposamen ere batu ditu txostenak; adibidez, euskarazko Wikipedia eta Txikipedia sustatzea, Common Voice egitasmoa bultzatzea, norbanakoen eskuko telefonoak euskaraz konfigura daitezen sustatzea edota euskarazko baliabideak ezagutarazteko kanpainak sustatzea.
Dokumentua tresna "eraginkorra" eta "baliagarria" dela azaldu du Zupiria bozeramaileak, lortu nahi diren helburuei begira: "Asmoa da euskararen ezagutza areagotzea, eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzea gizarte eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan". Hala, Hizkuntza Teknologien Plana "onestea eta garatzea" jo du erronka nagusitzat.