Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Mapa, geroz eta horiago
Azken egunetako joerari jarraiki, behera egin dute intzidentzia-tasek, oro har, Debagoienean. Gainera, aipatzekoa da Oñatiren bilakaera, izan ere, azken orduetan, laranjatik horira igaro da. Nolanahi ere, aipatu behar da, gutxi bada ere, gora egin dutela zenbatekoek Arrasaten eta Bergaran (atzo erregistratutako kasu berriak direla-eta).
Gauzak horrela, Aretxabaleta salbu, gainerako zortzi herrietan, 300etik beherakoak dira intzidentzia-tasak, eta Elgeta eta Leintz Gatzaga eremu berdean daude.
Datu guztiak daude zehaztuta hurrengo mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
EAEn, 396 kasu
Aurreko egunean baino positibo gehiago atzeman dira bailaran eta baita EAEn ere, baina intzidentziek beheranzko joera erakusten jarraitzen dute. Hurrengo grafikoan daude adierazita lurraldeetako bilakaerak:
Guztira, 7.719 PCR eta antigeno proba egin zituzten erkidegoan, eta % 5,1ek eman zuen emaitza positiboa; 396 kasu baieztatu ziren. Zehatzago esanda, 233 izan ziren Bizkaian hautemandako kasuak, 133 Gipuzkoakoak, 27 Arabakoak eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.
Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) gorakada adierazgarria izan du azken orduetan: 0,86ra igo da:
Ospitaleei dagokienez, 44 lagun ingresatu zituzten atzo EAEn (aurreko egunean baino bi gutxiago), eta 356 daude guztira ospitaleratuta (aurreko egunean baino 21 gutxiago). Datuak aztertuz gero, 226 dira plantan daudenak (-17) eta 130 ZIUn daudenak (-1).
Nafarroako datuak, batzeke
Nafarroako Gobernuak behin betiko datuak emandakoan osatuko da albistea.