Bihar Bilbon egingo den elkarretaratzean parte hartzeko dei egin du Euskaltzaleen Topaguneak ere

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 21a, 12:32

Justizia Auzitegi Nagusiak hizkuntza eskakizunen inguruan ebatzitakoaren harira, bihar, hilak 22, elkarretaratzea egingo da egoitzaren parean, 11:00etan. Euskalgintzaren Kontseiluak egin du deialdia, eta Euskaltzaleen Topaguneak "indarrak batzeko" mezua helarazi nahi izan du.

Justizia Auzitegi Nagusiak duela bi aste kaleratutako epaiak haserrea piztu zuen hainbat eragile eta norbanakoren artean. Hain zuzen ere, epaiak adierazten du Irungo Udaltzaingorako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera geratuko direla, eta argudio gisa erabili zuen eskaera "diskriminatzailea" dela euskaraz ez dakitenentzat.

Gauzak horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin zuen aurreko astean, eta zapatuan egingo den mobilizazioa iragarri zuen, epaiak euskararen bidea oztopatzen duela-eta: "Hizkuntza politikan eragin nahi duen epai politiko baten aurrean, euskaldunon hizkuntza eskubideak bete daitezen eta euskararen biziraupena eta biziberritzea bermatze aldera, gizartearen adostasun zabaletik eraikitzen ari garen bidea oztopatu nahi duen epaia da".

Goizeko 11:00etan izango da protesta Euskadiko Auzitegi Gorenaren aurrean. "Euskaldunok batera erantzun behar diegu bidegabekeriei eta horregatik, Kontseiluko gainontzeko bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, bertan izango gara, Euskal Herri guztiko euskaltzaleen elkarteetakook ere", azaldu dute Topaguneko kideek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak