Auzitegi Nagusiaren epaia salatzeko agerraldia egin du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak

Aitor Martinez Gorosmendi 2021ko mai. 17a, 13:18

Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, eta hainbat eragile, gaurko agerraldian.

Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko astean kaleratutako epaiak adierazten du Irungo Udaltzaingorako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera geratuko direla. Argudio gisa erabili zuen eskaera "diskriminatzailea" dela euskaraz ez dakitenentzat.

Kontseiluko Idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du hitza, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaiari buruzko irakurketa egin du. Epaia politikoa dela berresteaz gain, ez dela ekintza isolatua adierazi du.

Agerraldian Kontseiluko idazkari nagusiaz gain, bilgunea osatzen duten hainbat eragileetako ordezkariak izan dira: AEK, Berria, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, EuskaltzaleenTopagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEU, UEMA, Eusko Ikaskuntza eta OEE.

Hiru ideia nagusi partekatu ditu idazkari nagusiak: lehenik eta behin, erabakia politikoa dela berretsi du Kontseiluko eledunak: "Magistratuek epaia idatzi zuten, eta ondoren, saiatu dira epai hori justifikatzen. Horretarako estrategia desberdinak baliatu dituzte: jurisprudentzia berria baztertu dute, eta hizkuntza-eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin".

Bigarrenik, Kontseiluko idazkari nagusiak esan du epaia ez dela gertaera isolatua, azken urteetan epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik. Bilbaoren hitzetan, "ikusten ari gara epaitegi eta auzitegi desberdinetatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideen urraketak are gehiago ahalbidetuko dituzten epaiak. Besteak beste, Nafarroako Justizia Auzitegitik zein Auzitegi Gorenetik". Idazkariak gainera, hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileek egiten duten hausnarketa partekatu du, eta auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu direla salatu du.

Hirugarrenik, Bilbaok batasunerako deia egin du. Kontseiluko eledunaren hitzetan,«horrelako epaiak hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan traba besterik ez dira, eta horrexegatik, batasunaren bidetik erantzun behar diogu". 

Elkarretaratzea larunbatean

Halaber, osteguneko bileran Kontseiluak larunbaterako deitu duen elkarretaratzearen berri helaraziko die eragile politiko eta sindikalei, bai eta parte hartzeko gonbita egin ere. Horrela adierazi da Bilbao agerraldian: "Larunbat eguerdian, Kontseiluko bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera,horrelako eskuhartzeei desadostasuna agertuko diegu Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurreanegingo dugun elkarretaratzean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak