Ikerlanek 2019ko fakturazioaren erdia ikerketa jardueretatik eskuratu du

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 21a, 10:22

Aurreko urteko fakturazioa berdintzea lortu du Ikerlanek 2020an, nahiz eta Marcelino Caballero zuzendariaren iritziz, urtea "konplexua" izan den. Bestetik, egin berri duten urteko batzarrean, datozen lau urteetan 40 milioi euro jasotzea ahalbidetzen duen bide-orria aurkeztu dute.

23,8 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu 2020an Ikerlanek, eta erdia baino gehiago (%54,4) ikerketa jardueren ondoriozkoa izan da; arlo horretan izandako inoizko zenbateko handiena da enpresarentzat, eta iazko datuarekin alderatuta % 22ko igoera izan du. Zibersegurtasuna, adimen artifiziala edota energia elektrikoaren biltegiratzea izan dituzte aztergai, besteak beste.

Bestalde, gainerako diru-sarrerak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programetatik, Europako erakundeen ekimenetatik eta Administrazio Orokorrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Korporazioak finantzatutako proiektuetatik eskuratu dute. Bukatzeko, 10,8 milioi euro izan dira enpresekin egindako kontratuen ondorioz eskuratutakoak (Orona, CAF, Fagor Arrasate edo Laulagun); 2019an baino % 16 gutxiago izan da.

Aste honetan egin dute Batzar Nagusia, eta plan estrategikoan zehaztu dutenez, datozen lau urteetan, 40 milioi euro jasotzeko asmoa dute, ondoren "esparru estrategikoetan berezko ikerketa-proiektuetan" inbertitzeko.

Estrategia, espezializazio teknologikoa

Caballerok azaldu duenez, Ikerlanek merkatuari begirako "teknologia anitzeko ikerketa" bultzatu nahi du: "Zentroak dagoeneko aitortza eta kokapen garrantzitsua duen espezializazio esparruei begira jarraitzearen aldeko apustu egiten du, hots, potentzia-elektronikari, energiaren biltegiratzeari, mekatronikari eta EIKT teknologiei (elektronika, informazio eta komunikazioko teknologiak) so". 

Helburuak betetzeko, datozen lau urtetan eragile, unibertsitate eta enpresekin lankidetza sendotzeko lan egingo duela azaldu dute; bereziki, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) erakundearekin eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin (MGEP-MU). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak