Ondare geologikoa ardatz, ekintzaz betetako asteburua

Maialen Santos 2021ko mai. 21a, 12:53

Eskualdeko ondare geologikoa ezagutzeko, hitzaldiak, jolasak eta bisita gidatuak antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitateak astebururako. Edukiera mugatuta egongo da, beraz, erreserba egin behar da aurrez.

Zapatuan, 10:00etan, Arrikrutz tantaz tanta, lurpeko geologia argitara hitzaldia eskainiko du Martin Arriolabengoak. 11:00etan, bestetik, Harri Jasangarriaren paisaia kulturala ezagutzeko ibilaldia egingo dute Leintz Gatzagan. Horren ostean, eguerdian, geo-jolasak egingo dituzte, Oñatin, 8 urtetik gorako haurrek; herriko geologia ezagutzeko ginkana, alegia. Azkenik, Bergarako geologia ezagutzeko bisita gidatua ere egingo dute, Laboratorium museoan hasita.

Domekan, jarraipena

Hurrengo egunerako, domeka, 09:00etarako bi ibilbide antolatu dituzte. Eskoriatzan izango da bata: Degurixan, karstaren bailara ezagutzeko aukera izango dute; eta bestetik, Udalatxeko karsta eta Gongetako meatzeak bisitatuko dituzte Arrasaten. Geologoek gidatuko dituzte ibilbideak. Horrez gain, 09:30ean hasiko da, Aretxabaletan, Uretsen Ibilbidea, eta ordu berean egingo dute espeleoabentura, Oñatiko Arrikrutz kobetan. 11:00etan egingo dute berriro ere Leintz Gatzagako ibilbidea. Amaitzeko, 16:00etan eta 18:00etan, Arrasateko Galarragako kobara egingo dute bisita.

Datorren asteburuan ere izango da zer egin: hilaren 29an eta 30ean Bizi pottoka hitzaldia eta bisita gidatuko ditu Jon Elorzak.

Edukiera mugatua izango dute ekintza guztiek, eta, beraz, aurrez egin beharko da erreserba, 943 79 64 63 edo 943 71 89 11 telefono zenbakietara deituta, edota infoturismo@debagoiena.eus helbidera mezua bidalita.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak