Debagoienean ez dago herririk eremu gorrian

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 20a, 13:17

Arrasateko kalean barrena jendea oinez.

Guztira bost kasu hauteman dira azken orduetan Debagoienean; aurreko egunean baino hamaika gutxiago. Bi izan dira Arrasaten baieztatu dituztenak, eta bana Antzuolan, Aretxabaletan eta Bergaran. Horrekin batera, Oñati eremu gorritik atera da, eta horrenbestez, dagoeneko ez dago herririk gorriz margotuta. 

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Eremu gorritik kanpo

Positiboek beheranzko joeran jarraitzen dute, Debagoienean. Intzidentzia-tasei erreparatuta, azken orduetan mapa aldatu egin da. Kolore gorria atzean utzi du Oñatik, intzidentza-tasa 305,20era jaitsita, eremu laranjara pasa da. Apirilaren 6a geroztik izan da Oñati eremu gorrian.

Eskoriatzaren kasuan, berriz, eremu laranjatik horira pasa da, eta bertako intzidentzia-tasa, 268,10ekoa da. Aldaketa hauek kontuan izanda, Debagoienean ez dago herririk eremu gorrian, eta kolore laranjan dauden herri bakarrak Oñati eta Aretxabaleta dira. 

Datu guztiak daude eguneratuta hurrengo mapan:

Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

412 kasu, Hego Euskal Herrian

10.715 proba diagnostiko egin ostean, 412 kasu hauteman dituzte Hego Euskal Herrian; proben %4,2k eman du emaitza positiboa EAEn eta %2,6ak Nafarroan. Lurraldeka banatuta, 228 izan dira Bizkaian baieztatutakoak, 101 Gipuzkoakoak, 61 Nafarroakoak, 20 Arabakoak eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoetan. 

Ospitaleen egoerari dagokionez, EAEn, 131 lagun daude ZIUn, eta eta 243 plantan; atzo baino, hiru gutxiago. Bestalde, atzo 46 pertsona ingresatu zituzten. Beheko grafikoan dago adierazita, uztailaren 1etik hona –aste bakoitzeko batez bestekoekin–, Osakidetzako erietxeetan izandako ospitaleratze berrien bilakaera:

Nafarroako erietxeetako egoeraren gaineko datuak jasotzeke daude oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak