Beñat Rezusta: "Buruz Burukoan, pilota jotzea ez da nahikoa"

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 21a, 12:00
Rezusta, Eskuz Banako atarikoan, 2020an.

Urteko txapelketa garrantzitsuenetako batean murgilduta dago Beñat Rezusta (Bergara, 1993), eta dagoeneko gainditu du lehenengo kanporaketa. Torneo hori birritan irabazi duen Oinatz Bengoetxea kanporatu izanak erakusten du bergararra maila onean dagoela, eta gaur, Idiazabalen (22:00, ETB), Leitzakoarekin betetako gidoia errepikatzen saiatuko da Rezusta. Segurtasun neurriak zorrozte aldera, telefonoz egindako elkarrizketa duzue hau.

Torneo garrantzitsu batean murgilduta zaudetenean, kontziente izan gabe ere, gehiago zaintzen duzue dena?

Baliteke. Urte oso bat daramagu pandemian eta egia da une oro ezin zarela ibili egiten duzun guztiarekin kontuz, ezinezkoa da. Baina bai, halako torneo batean murgilduta egonda gehiago zaintzen da dena, inork ez du kanpoan geratu nahi, zer eta kutsatu egin delako. 

Oinatz Bengoetxea menderatu duzu lehen kanporaketan. Konfiantza hartzeko modu ezin hobea da.

Bai; partidu ostean ere esan nuen niretzako Oinatz moduko pilotari bati irabazi izana oso garrantzitsua dela, poztasun handia hartu nuen. Ea ostiralean [gaur] Danel ere estutzen dudan eta nik egindakoarekin gustura geratzen naizen.

Konfiantza diot, baina zalantza gutxi erakutsi zenituen Bengoetxearen kontra. Pilota jotzea baino askoz gehiago egin zenuen.

Txapelketa hasi aurretik beti izaten dira errestoaren gaineko zalantza batzuk, baita norberaren sakean ere... Eskuz Banakakoa ez dugu urte osoan jokatzen eta ohitu barik iristen gara txapelketara; horrek normalean baino zalantza gehiago sortzen du. Baina bai, garbi neukan pilota jota bakarrik ez nuela Oinatz mendean hartuko, hori baino askoz gehiago egin beharko nuela eta bere lekutik mugiarazteko, deseroso sentiarazteko, tanto batzuetan arriskatu beharra neukala. Egia da tanto batzuetan intentzioa harrapatu zidala, beste batzuetan nik egin nuela kale, baina, orokorrean, uste dut asmatu egin nuela jokoarekin. Eta Danelen kontra ere gidoi berbera eramango dut.

Eskuz Banakakoak ez du gorabeherak izateko tarterik uzten...

Oso txapelketa azkarra da, hastearekin batera amaitzen da. Txapelketa lehenengo kanporaketatik hasi dugunok, gehienez, lau partidu jokatuko ditugu; hemen ez dago egun txar bat izaterik, etxera bidaltzen zaituzte eta. Baina, aldi berean, hori du ona, momentu onean harrapatzen bazaitu txapelketa polita egin daitekeela. Egia da ez dela erraza partidu onak ikustea, berehala apurtzen direlako, baina partidu parekatu bat egoten denean benetan da ederra.

Komunikabide guztiek nabarmendu dute Zabaletak eta biok atzelarien figura aldarrikatu duzuela.

Izan ere, azken urteotan, txapelketa hau jokatu ere apenas egin dute atzelariek, eta azkeneko txapeldunaren berri izateko ia hogei urte egin beharko genituzke atzera [2003an, Patxi Ruizek irabazi zuen]. Baina uste dut entrenamendu saio txukun batzuk egiteko astia izanez gero kapaz garela maila txukunean jarduteko. Ea oraingo asteburuan ere Zabaletak eta biok sustoren bat edo beste ematerik dugun.

Hurrengo geltokia, gaur, Idiazabalen. Danel Elezkano izango duzu zain. Moralki topera izango da, baina zuk denbora gehiago izan duzu txapelketa prestatzeko.

Bai, garbi dago nik dezente denbora gehiago izan dudala txapelketa prestatzeko, Danelek duela gutxi jokatu du-eta Eskuz Binakako finala. Baina ez dut uste Eskuz Banakakora txarto iritsiko denik, inondik inora. Konfiantzarekin etorriko da, partidu mordoa irabazi ditu, eta bistan da txisparekin dagoela. Gainera, ondo moldatzen da txapelketa honetara, sake-errematera ondo egokitzen da, aireko jokoa ondo dominatzen du eta oso pilotaria da; alegia, jokatzeko modu ezberdinetara oso ondo moldatzen da. Danel azken urteotan txapelketa honetako finalerdietaraino sailkatu da, eta hori ez da kasualitatea.

Ondo ezagutzen duzue elkar; tartean, txapel bat partekatzen duzue...

Bi txapelketa jokatu ditugu elkarrekin, tartean entrenamendu saio mordoa egin ditugu batera, udan ere asko jokatu dugu batera... Oso harreman ona dugu, baina partiduan bestearen hutsak bilatzen saiatuko gara.

Sekretu gutxi duzue kantxan...

Ondo ezagutzen dugu elkar, bai. Aurrean nire efektu guztiak ondo ezagutzen ditu, eta, hasiera batean, hor ezingo naiz itsuitsuan sartu, bera aurrelari petoa da eta. Orain, tantoa amaitu behar dudanean ez ditut zalantzak izan behar. Esandakoa, Oinatzen partiduko gidoia errepikatzen saiatu behar dut.

Txapelketa alde batera utzita, zelan daramazu pandemia urte hau?

Dagoeneko apur bat nekatuta, gehienok bezala, imajinatzen dut. Gu denbora luzaroan geldirik egon ginen eta ondoren hala-moduz hasi ginen. Orain, berriz, denbora dezente daramagu hutsik dauden pilotalekuetan jokatzen, eta hasieran arraroa egiten zen, baina horretara ere ohitu gara. Hala ere, bistan da egoera honetan ezin garela luzaroan egon, jendea behar dugu harmailetan, nahiz eta horrek, hasieran, inpresioa emango digun, seguru.

Egongo da publiko barik jokatzen erosoago ibiltzen denik.

Egongo da bateren bat, seguru, baina frontoiak jende barik ikustea seinale txarra da. Gerta daiteke partiduren baten pilotaria komeni dena baino urduriago egotea, baina hori ez da horrenbeste harmailak jendez beteta egoten direlako, nork bere buruari ezartzen dion presioagatik baizik.

Udako torneotarako izango dugu normaltasunik?

Normaltasun berba erabiltzea, akaso, askotxo izango da, baina badirudi egoera hobera doala, beste kirol batzuetan ere zaleek poliki-poliki harmailetara itzuli behar dutela... Baina ez, erabateko normaltasunik ez dugu izango oraindik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak