Gipuzkoarren %89,2k hartu nahi du txertoa, Aldundiak egindako ikerketaren arabera

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 18a, 16:06

Foru Aldundiak egindako udaberriko soziometroak hainbat alor jorratu ditu; besteak beste, gipuzkoarrek txertoarekiko eta pandemiaren kudeaketarekiko duten iritzia edota kezka-iturri nagusiak zein diren.

Apirilaren 26tik 29ra, 1.200 gipuzkoar elkarrizketatu zituen Gizakerrek, telefonoz; horietatik 300 izan ziren Deba-Urola eskualdeetakoak. COVID-19ari aurre egiteko txertoaren inguruan galdetuta, %89,2k esan zuen tokatzen zaionean txertoa hartuko duela eta % 6,4k eman zuen ezezkoa. Mendoza foru bozeramailearen arabera, "positiboa" da jarrera hori: "Hori da gaur gaurkoz egin dezakegun gauza bakarra, birusaren transmisioa murrizteko neurriak hartzen jarraitzea".

Bestetik, % 69,9k uste du pandemiari aurre egiteko erantzukizuna herritarrena dela, eta gainerakoentzat erakundeena da: % 9rentzat Espainiako Gobernuarena %8,9rentzat Jaurlaritzarena, %1entzat udalena eta % 0,6rentzat Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Horri lotuta, erakundeen lanari nota ematerako orduan, inkesta egin zaien gipuzkoarrek 5,37ko nota ematen diete administrazio publikoei: udalak dira balorazio onena dutenak (5,56), ondoren Jaurlaritza (5,46), Aldundia (5,34) eta, bukatzeko, Espainiako gobernua (4,5). Nolanahi ere, gehienek gainditu duten arren, erakundeekiko konfiantzari dagokionean, gipuzkoarren % 77,3k dio ez dela politikaz fio; adierazle hau 3,5 puntu hazi da udazkenetik hona.

Mendozak herritarren animoari buruz ere hitz egin du, eta azaldu du batez beste 6,32 puntu eman dizkietela haien egoerari. "Halere, beraien egoera deskribatzeko erabiltzen dituzten ezaugarriak negatiboak dira: kezkatuta (%79), triste (%62,4), nekatuta (%55,7), aspertuta (%52,2)…".

Kezka nagusia, ekonomia

Inkesten emaitzen arabera, herritarren kezka nagusiak ekonomia arlokoak dira. "Buruhauste nagusia langabezia da, inkestatuen %44k nabarmentzen baitu", azaldu du Mendozak. Eta gai berarekin lotuta krisi ekonomikoa da %14,9ren kezka. COVID-19a berriz, %26,9ren kezken artean dago. Egoera aldatu egin da, izan ere, udazkenean, gaitza zen kezka nagusia (%25,3) eta ondoren langabezia (%21,5); hots, bikoiztu egin da langabeziak sortutako kezka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak