Egubakoitzean zortzi positibo baieztatu ziren bailaran, zapatuan sei eta atzo, aldiz, bost; zenbatekoek behera egin dute egunetik egunera.
HERRIA | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Arrasate | 5 | 3 | 2 | 10 |
Bergara | 1 | 1 | 2 | 4 |
Eskoriatza | 0 | 2 | 0 | 2 |
Oñati | 2 | 0 | 0 | 2 |
Aretxabaleta | 0 | 0 | 1 | 1 |
Antzuola | 0 | 0 | 0 | 0 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 8 | 6 | 5 | 19 |
Positiboetan beherakada nabarmen igarri da, eta horrenbestez, intzidentziek ere behera egin dute, oro har. Elgetan eta Leintz Gatzagan berdin mantendu diren arren, gainerako herrietan jaitsi egin dira tasak. Gauzak horrela, beheko mapan gorriz markatuta agertzen dira Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñati (guztiak 400etik gorako tasarekin), horiz Antzuola, Aramaio, Arrasate, Bergara eta Elgeta eta, bukatzeko, berdez Leintz Gatzaga, 0,00ko tasarekin.
>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
EAEko beheranzko joerak, hautsita
EAEn, oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) gora egin du: 0,79koa izan da egubakoitz eta zapatuan, eta atzo 0,82ra igo zen, orain arteko joera hautsiz.
Ospitaleetan ere beheranzko joera eten da, izan ere, aurreko egunean baino lagun bat gehiago dago ZIUn eta lau gehiago plantan. Azken orduetan 24 lagun ingresatu dituzte, eta guztira, 427 dira EAEko erietxeetan ospitaleratuta daudenak (horietatik 146 ZIUn). Nafarroan, aldiz, hiru lagun ingresatu dituzte eta 105 daude erietxeetan (hemeretzi, ZIUn).
Nolanahi ere, adierazle guztiek ez dute okerrera egin; EAEko intzidentzia-tasa metatuak hamar puntu egin du behera: 306,13koa da.
Bestetik, Hego Euskal Herriari osotasunean erreparatuta, azken hiru egunetan egindako proben %4,5 inguruk eman du emaitza positiboa EAEn (ez da positibotasun-tasa jaitsi) eta %4,4k Nafarroan. Guztira, 7.482 proba diagnostiko egin ziren eta 334 kasu baieztatu dituzte: 151 Bizkaian, 96 Gipuzkoan, 58 Nafarroan eta 29 Araban.