1990ean despatologizatu zuen MOEk homosexualitatea eta Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenetik atera zuen. Ordutik, maiatzaren 17a LGTBIQfobiaren aurkako egun gisa izendatu da, eta aniztasunaren alde eta gorrotoaren kontra borrokan jarraitzen dute kolektiboetako kideek.
Zisheteroaraua da borrokaren jomugetako bat; hau da, egungo sistemak ezarritako arauen kontra egitea (zisgeneroa izatea eta heterosexuala izatea, besteak beste). Horregatik, gaurko egunak "beharrezkoa" izaten jarraitzen duela diote lesbiana, gay, transexual, bisexual eta kolektiboaren baitako gainerako identitateek.
Pausoak, lege-eremuan
Hurrengo bi elkarrizketak Ane Arregi arrasatearrari eta Yuri Paramos oñatiarrari egindakoak dira, Trans Legearen inguruko erreportajean (Puntua aldizkariaren 276. alean).
Ane Arregi: "45 urte eman ditut gizona izan behar horretan"
"Bakoitzak zer sentitzen duen, horixe izango da, eta kito"; hori da arrasatearrak letorkeen legeari ikusten dion onura nagusia, autodeterminatzeko aukera.
Zer da transexuala izatea?
Nik, adibidez, 45 urte eman ditut gizona izan behar horretan; ez nuen hori sentitzen, baina... Eta da azkenean esatea: "Niri pasatzen zaidana hau da". Eta hor trantsitu bat hastea. Ni ez naiz emakume gorputz konbentzional batekin jaio, eta hor ditut nire barruko borrokatxoak; lehen, esaten nuen ni nengoela gor
putz oker batean, txarto jaio nintzela. Baina nik dudan gorputza da nirea: emakumea baldin banaiz, atzamar hau ere [Bere atzamarra erakutsiz] emakume atzamarra da. Eta jendeak, normalean, transberbarekin erlazionatzen duena, genitalak: "Nola ditu? Operatuta? Operatu barik? Alua du? Pitilina du?...". Dugulako kontzeptu bat: "Pitilina du? Gizonezkoa. Alua du? Emakumezkoa". Baina, gaur egun, ez da hain horrela; gaur gaude pitilina dugun emakumeak eta daude alua duten gizonak. Nik dudan pitilina da emakumearen pitilina, bai. Trantsitua gizarteak ere egin behar du, begirada trantsitua, ni nola ikusten nauten, nola tratatzen nauten. Gu oraindik behartuta gaude, nahi dugulako emakume modura ikus gaitzaten, bizarra kentzera, gonak eramatera, margotuta joatera eta, ahal bada, gorpuzkera bat edukitzeko hormonak hartzera, titiak hazteko. Eta, berez, emakumea izatea ez da titiak edukitzea: emakume batek bularretako minbizia eduki eta bular bat edo biak kenduz gero, ez da gehiago emakume izango? Zer gertatzen da umetokian ere tumoreren bat izan eta hustu egin behar badute? Emakumea zer da, umeak dituena? Beraz, umerik eduki ez duena ez da emakumea? Honek denak eraman nau hausnartzera: "Zer da emakumea izatea?". Agian, oso ondo ez dakit esaten zer den emakumea izatea: sentsazio bat da; argi dudana da gizon moduan ez dudala enkajatzen, hori argi daukat. Ni itxoiten ari naiz Trans Lege hori noiz onartuko duten, Nortasun Agirian H-a kendu eta M-a jartzeko, eta izena aldatzeko...
Legeak ze onura ekarriko du?
Ez dela hainbeste epaimahai pasa beharko zeintzuek esango dizuten zu zer zaren. Gurutzetan, adibidez, gertatu zitzaidan epaiketa hori bizi beharra; galderak egiten zizkidaten: "Horrela janztea gustatzen zaizu, baina etxean bakarrik edo kalean ere bai? Eta gizonak edo emakumeak dituzu gustuko?". Eta hori beste kontu bat da. Lehenengoan ez zidaten tratamendua eman, eta negar baten etorri nintzen autoan.
Euren burua feminista izendatzen duten zenbait legearen kontra agertu dira.
Nire ikuspuntutik, feminismoak denok desberdinak garela onartuta denontzako eskubide eta baldintza berdintasuna aldarrikatzen badu, horiek ez dira feministak, ez dute-eta berdintasuna aldarrikatzen. Indarkeria matxistarena jartzen dute argudio modura. Halakoetan egoten dira frogak, lekukoak... Oso bitxia litzateke gizon batek emakume bat jipoitu eta hurrengo egunean joatea paperak aldatzera esanez bera emakumea dela; hasteko, bitxia izango litzateke. Legearen kontra agertu diren horiek ez gaituzte emakume moduan ikusten, kito; hori da.
Yuri Paramos: "Legeak norbere identitatea onartzea inportantea da"
"Edozer asmatzen dute jendea izutzeko, gure eskubideak bermatuko lituzkeen legea behera botatzeko", dio oñatiarrak: "Emakume batzuk bai eta beste batzuk ez? Hori ez da feminismoa".
Zer da transexuala izatea?
Jaiotakoan zuri asignatutako generoarekin bat ez etortzea.
Garai baten, asko erlazionatzen zen bakoitzaren gorputza edo genitalak ez onartzearekin...
Ez dago zertan. Trans izateko ez dago ezinbesteko edo gutxieneko baldintzarik; hormonak hartu edo ez, ebakuntza egin edo ez, trans izango zara berdin-berdin. Gauza da ze behar duzun eta askotan zertara bultzatzen zaituen gizarteak. Nik hormonak hartu nahi nituen; baina ebakuntza ere egin nuen, eta badakit gehiago izan zela kanpoko eraginagatik ebakuntza egiteko neure gogoagatik baino: adibidez, igerilekura joateko edo... Gizartearen nirekiko begirada txarra ez izateko behar nuen, ez ni gaizki sentitzen nintzelako.
Gainerakook trantsitu hori egingo bagenu, zuek, kasu batzuetan, behintzat, ez zenukete egin beharrik izango.
Erabat. Zuk egin duzu aldaketa; zuk onartu duzunean zeure burua, badakizunean zein zaren, aldaketa egina dago. Nik nahi banuen emakume moduan tratatua izan, zer egin behar nuen armairutik irtendakoan? Utzi nuen ile luzea, hasi nintzen hormonak hartzen, eta abar. Baina hori da besteek ni beste modu batera ikusteko; izan ere, nik neuk banekien zein nintzen, baina gutxiago sufrituko nuen horrela: zeren ari bazaizkit une oro nire identitatea deuseztatzen, gaizki sentituko naiz eta arazo asko izango ditut. Horregatik da inportantea askotan trantsitu hori egitea, ez norberarentzat, baizik eta gizartearentzat.
Datorren legearekin norberak autodeterminatu ahalko du bere identitatea, nahiz eta zuzenean ez duen horrek jendearen begirada aldaraziko, baina...
Bai, baina, behintzat, legalki, norbere identitatea onartua izatea inportantea da; gero joango da gizartea onartzen. Estatuak ere ez badu onartzen zein zaren, nola onartuko dute beste guztiek? Autodeterminazioarena oso inportantea da; askotan eskatzen da gauza bat deitzen dutena bizitza errealaren froga: "Bizi behar duzu ez dakit zenbat denboraz emakume bezala". Eta zer da emakume moduan joatea? Nik nahi badut txandalarekin eta sudadera batekin joan, hori ez da emakume izatea? Horregatik da garrantzitsua autodeterminazioa, eta ez egotea hainbeste traba, muga edo betekizun trans zaren edo ez erabakitzeko, eta legearen bermearekin, gainera.
Legearen gainean zer esango zenidake?
Zirriborroa oso ondo zegoen. Kontua da aurkako asko daudela, esaten dutenak horrela edonork ahalko duela nahi duen moduan autoidentifikatu, eta erabiliko dutela beste lege batzuei muzin egiteko, eta hori izugarrizko gezurra da. Lege honek bakarrik pertsona transei egingo die mesede, eta trans ez den pertsona bat ez da sartuko bide honetan guztian, sufritzen den guztiarekin, pasa beharreko prozesuarekin eta gizartearen begirada txar horrekin, ez dakit ze lege saihestearren. Bakarrik da gure bidea erraztea eta gu hobeto sentitzea.