Oihana Kortazar: "Ez dut gogoan halako alde txikiagatik inoiz irabazi izana"

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 14a, 20:00
Oihana Kortazar, aste barruan Arrasaten.

Azken hiru asteak ondo zukutu ditu Oihana Kortazarrek (Elgeta, 1984). Apirilaren erdialdean, Espainiako Kopako lehenengo proba irabazi zuen Sevillan. Jarraian, podiumera igo zen Liencresen (Kantabria), eta, atsedenik hartu barik, euskal selekzioarekin Espainiako Txapelketan urrea jantzi berri du. Emaitza horiek hautatzailearen onespena izan dute, Munduko Txapelketan izango da elgetarra. 

Pandemia urte hau zelan daramazun galdetuz hasi behar nuen elkarrizketa... Bistan da emankorra izaten dabilela.

Emaitzei dagokienez ezin naiz kexatu, egia esateko. 2021a ondo hasi dut, baina 2020a ere, lasterketei dagokienez, urte ona izan zen niretzako: hamabost lasterketa inguru egin nituen eta urteari itxura apur bat eman genion, nahiz eta uztailean hasi genuen denboraldia, berandu.

Jaenen lortutako Espainiako Txapelketak Munduko Txapelketarako txartela eman dizu...

Bai, hori zen aurtengo helburuetako bat, Barrueran [Lleida] uztailean egingo duten Munduko Txapelketan egotea. Hara Espainiako selekzioarekin joan beharra dago eta hara joateko merituak egin behar dira. Hala, ibili ginen begira zeintzuk ziren txapelketa horretan egoteko bideak, eta horietako bat zen Espainiako Txapelketa irabaztea, baina ez genuen nahi apustu bakarra egin.

Horrenbestez, Espainiako Kopan hartu zenuen esku.

Hori da. 2012a ezkero ez nuen Espainiako Kopan esku hartzen, baina, nazioarteko lasterketarik ez dagoen honetan, proba seguruen aldeko apustua egin dugu, eta Sevillara joatea erabaki genuen. Hala, han irabazi egin nuen, eta ondoren etorri zen Kantabriako hitzordua. Espainiako Atletismo Federazioak antolatzen duen proba da Liencreskoa, traileko Espainiako Txapelketa da, eta oso-oso proba azkarra izan zen. Han neke handia pilatu nuen [hirugarren egin zuen–] eta astebetera Jaenera joan nintzen erabat errekuperatu barik, niretzako garrantzitsuena zen lasterketara, Espainiako Txapelketara. Hala, Jaenen 28 kilometroko lasterketa geneukan; ohi moduan, erritmo gogorra jarri nuen hasieratik, baina, egia esan behar badut, ez nengoen batere seguru erritmoari lasterketa osoan eutsi ahal izango nion. Zorionez, irabazi egin nuen eta Munduko Txapelketarako txartela eskuratu dut.

Emakumezkoetan lehia galanta izan zenuten...

Bai; helmugan esan zidan Maite Maiorak ez nintzela kontziente atzean izan zuten borrokaz. Eta hori gauza ederra da, ikustea emakumezko talde polita dagoela hor maila onean, denak oso parekatuta; edonork irabaz zezakeen Espainiako Txapelketa. Hasieratik denok jarri genuen oso erritmo altua, baina aurrean joateko erabakia hartu nuen eta atzetik nahiko gertu izan nuen Virginia Perez aragoiarra. Maiorak, berriz, atzetik aurrerako lasterketa egin zuen eta bigarren posturaino iritsi zen. Anekdota moduan, zapatilekin arazo bat izan nuen eta jaitsieretan geratu egin behar izaten nuen ondo estutzeko. Bada, azken jaitsieran erabaki nuen ez geratzea; ez dut atzera begiratzen ibiltzeko ohiturarik, baina Maiorari zuzendutako animo oihuak oso gertu entzuten nituen. Eta eskerrak ez nintzen geratu! Azken bostehun metroak sufrimendu hutsa izan ziren; fisikoa bai, baina baita psikologikoa ere. Lehenengo lasterketa izan da, egin ditudan guztietatik, horrela bukatu dudana, halako tarte txikiarekin irabazi dudana.

Zer egin duzu zapatila horiekin?

Modelo berbereko beste batzuekin ordezkatu ditut jada [Barre].

Eta zer nahiago? Harrapatuko zaituzten beldurrez korrika egitea ala aurrekoa harrapatzeko motibazioa izatea?

Egoeraren arabera. Jaenen, esaterako, nahiago nuen aurrean joan. Izan ere, 28 kilometroko lasterketa batean 17 segundo ez dira ezer, baina, aldi berean, 17 segundoko tartea txikitzea gorputza mugara eraman duzunean eta aurrekoa erritmo konstantean doanean... hori oso zaila da.

Golden Series-etan ere izango zara, eta hor, bigarren urtez ZegamaAizkorri bertan behera utzi dute.

Bai; pena handia ematen didan zerbait da, baina antolatzaileek hartu duten erabakia erabat ulergarria da. Euskal Herrian egun egoera oraindik zein den ikusita, Zegama moduko herri batera jendetza joatea ez da komenigarriena. Eta Zegama-Aizkorriren izaera bera da zaleen gertutasuna. Hori ez da bateragarria birusarekin.

Amaitzeko: babesletzak emaitzengatik baino gehiago sare sozialetan izaten den oihartzunarengatik lortzen diren honetan, zer moduz moldatzen zara arlo horretan?

Nahiko ondo! [Barre] Saiatzen naiz egunero zerbait sareratzen, baina arlo pribatua publiko egitea ez dut oso gustuko, eta ez daukat ez gaitasunik eta ezta denborarik ere nire egunerokoa une oro erakusten ibiltzeko. Badira ohetik jaikitzen diren unetik, bereziki Instagrameko story-etan, euren bizitza minutuero kontatzen ibiltzen direnak, baina neure burua ez dut hor ikusten. Eta, bestalde, badira markek ematen dizkieten produktu guztiak erakusten ibiltzen direnak ere. Erakutsi behar horretan ere ez nago eroso. Ahal dudana partekatzen dut, eta sumatzen dut baditudala nirekin identifikatzen diren jarraitzaileak. Pena da marka batzuek kirol arloari baino gehiago bestelakoei halako garrantzia ematea, baina eurek jakingo dute zelan gura duten euren produktua saldu; izan ere, libre dira horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak