Pfizer etxeko 705.370 txerto jarri dira erkidegoan, AstraZenecaren 263.673, Modernaren 82.671 eta Janssenen 12.747. Guztira 1.190.400 dosi iritsi dira momentura arte eta horien % 95 inguru jarri dira; hots, 59.187 dosi gordeta daude.
Halere, espero baino txerto gutxiago jasotzen ari da Osakidetza, eta Sagarduik onartu duenez, horrek kezka eragin du, txertaketa-kanpaina moteldu daitekeelako. Aurreikuspenen arabera, 83.159 txerto jarriko dira EAEn hemendik eta hilaren 18ra; aurreko astean jarritakoak baino 65.687 gutxiago dira.
Osakidetza egubakoitzean hasi zen 59 urtetik beherako pertsonei deitzen, nahiz eta oraindik kanpaina ez den bete-betean adin tarte horretan hasi. Adiderazi dutenez, pixkanaka joango dira 50 eta 59 urte arteko herritarrei txandak ematen, gainerako kolektiboen txertaketa aurrera joan ahala. Horri lotuta, 60 urtetik gorakoei nahiz 50 eta 59 urte bitartekoei Pfizer, Moderna eta Janssen enpresa farmazeutikoen txertoak jarriko dizkiete.
Bestetik, AstraZeneca txertoaren bigarren dosiari buruzko erabakia beste astebete atzeratu dute; Osasun Publikoaren Batzordeak datorren astean erabakiko du lehendabiziko dosia hartu zuten 60 urtetik beherakoei bigarrena emango dieten ala ez. Lurraldeen Arteko Osasun Kontseiluaren ostean, Carolina Darias Espainiako ministroak azaldutakoaren arabera, txerto ezberdinak konbinatzeko egin diren entsegu klinikoen "emaitzen arabera" hartuko dute erabakia. Ikerketa hori, besteak beste, Gurutzetako Ospitalean egiten ari dira, eta aurreikusten dute lehen emaitzak maiatz erdialdean jakingo direla.
Txertaketaren bilakaera, datuetan
Txertaketa-taldeei erreparatuta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, zentro sozio-sanitarioetako egoiliar eta profesionalen % 100ek jaso dituzte bi dosiak eta baita Osakidetzako profesionalek ere. Bestetik, zentro pribatuen eta garraio sanitarioaren alorreko % 98,6ek jaso du lehenengoa eta % 79,2k bigarrena. Eta taldeekin bukatzeko, unibertsitatez kanpoko hezkuntza arlokoek, beste zerbitzu sozio-sanitarioetako profesional eta erabiltzailek eta ertzainek ziztada bakarra jaso dute; hain zuzen ere, % 100ek jaso du lehenengo dosia eta inork ere ez bigarrena.
Bestetik, adinka antolatutako taldeei erreparatuta, honakoa da egoera:
Adin-taldea | 1. dosia | 2. dosia |
100 edo gehiago | % 100 | % 99,1 |
90 - 99 | % 100 | % 99,1 |
80 - 89 | % 100 | % 98,4 |
70 - 79 | % 93,3 | % 36,7 |
60 - 69 | % 81,1 | % 6,6 |