Gipuzkoako enpresen % 28k kontziliazio neurriak hartu ditu lehen aldiz 2020an

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 13a, 13:56

Ekonomia Sustapeneko foru zuzendariek ikerketa bat aurkeztu dute. Bertan jasotzen diren datuen arabera, lan denborak malgutzeko aukerak aktibatu dituzte Gipuzkoako enpresek, baina gehienbat emakumeak izan dira zaintzarako aukerak baliatu dituztenak.

2020an egindako azterlanak bere baitan hartu ditu Gipuzkoako ekonomia sarea ordezkatzen duten 460 enpresa, eta horietan pandemia dela-eta hartutako kontziliazio-neurriak aztertu dira. Lurraldeko enpresen % 28k lehen aldiz abiatu dituzte kontziliazio neurriak 2020an. % 14,3k denborak malgutzeko aukerak aktibatu ditu, % 8,9k bazkaltzeko denbora murriztu du eta % 5,7k lanaldi konprimatuak eskaini ditu.

Dena den, ondorioztatu dutenez, neurri horiek baliatu dituzten gehienak emakumeak izan direla: "Agerian geratu da emakumeak izan direla ordaindu gabeko lan baimen gehien hartu dituztenak, hain zuzen ere adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzeko (% 60), baina gizon gehiagok hartu dituzte zaintzagatiko baimen ordainduak". Horrekin lotuta beste datu bat ere eman dute Ekonomia Sustapeneko foru zuzendariek: 2020an, gizonak izan dira gehienbat (% 64) beren soldatan eraginik ez duten horrelako neurriak hartzeko aukera izan dutenak.

Zuzendaritzen %43, emakumerik gabe

Ikerketaren arabera, zuzendaritza postuetan emakumeek duten presentzia gizonena baino 14 puntu apalagoa da, eta % 43 dira zuzendaritza postuetan emakumerik ez duten Gipuzkoako enpresak. "Alderdi honetan posible da epe ertain eta luzean ondorio negatiboak izatea, kontziliazio neurri batzuk erabiltzearen ondorioz", gehitu dute.

Enpresen %40, telelanean lehen aldiz

Telelanari dagokionez, ikerketan parte hartu duten enpresen % 40k egin du telelana lehen aldiz. Emakumeen % 23,3k eta gizonen % 18,7k egin dute modalitate horretan lan. "Azterlanak ohartarazten du gehienbat emakumeek erabiltzen dutela, zaintza familian berraktibatu den aldi batean, eta horrek arrisku argia dakarrela emakumeentzat enpleguan, eta ondorioak izan ditzakeela emakumeen garapen profesionalean eta osasunean", argitu dute.

300.000 euroko laguntza lerroa

Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 euroko laguntza lerro bat aktibatuko du, kontziliazio erantzukideko neurriak ezartzen dituzten enpresentzat: "Pandemiaren azken urte hau, oso gogorra izan da gizarte osoarentzat, baita eremu pertsonal, familiar eta sozialean ere, askotan emakumeak izan dira karga desorekatua beren gain hartu dutenak, hain zuzen ere adingabeak eta mendeko pertsonak zaintzeko", adierazi du Olano diputatu nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak