Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Herrietako intzidentziei erreparatuta, behean dagoen mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Hamaika ospitaleratu, Debagoienean
Debagoieneko Ospitaleak jakinarazi duenez, momentu honetan hamaika lagun daude bertan ingresatuta. Aurreko asteko egueneko datuarekin alderatuta, lau gehiago dira.
EAEko erietxeetan, ostera, presioa arintzen ari da apurka-apurka, baina oraindik egoerak kezka eragiten die osasun agintariei. Aurreko egunean baino sei lagun gutxiago daude ZIUn eta hamahiru gutxiago plantan, baina ospitaleratuta jarraitzen dutenak 489 dira orotara (153 ZIUn daude eta 336 plantan). Bestetik, atzo 59 pertsona ingresatu zituzten erkidegoan.
457 positibo EAEn
9.682 proba diagnostiko egin ostean, 457 kasu erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan; hau da, %4,7k eman du emaitza positiboa. Lurraldeka, 276 hauteman dira Bizkaian, 152 Gipuzkoan, 27 Araban eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoak dira.
Oinarrizko birsorkuntza datuak bestalde, behera egiten jarraitzen du eta atzo 0,82koa izan zen.