Haur eta gazteen aisialdiaren sektorea egituratuko du Euskaltzaleen Topaguneak

Txomin Madina Milikua 2021ko mai. 10a, 08:30

Euskara elkarteak eta euskaltzale taldeak batzen dituen Euskaltzaleen Topaguneak egubakoitzean egin zuen 2021eko Batzar Nagusian hartu zuen erabakia. Gizarte aktibazioa eta sektore kaltetuenen eragitea ere adostu zuten bertan.

Egubakoitzean egin zuen Euskaltzaleen Topaguneak 2021eko Batzar Nagusia. Bertan, pandemiak azken urtean kaltetutako sektoreen artean aisialdia dagoela eta horrek haur eta gazteen hizkuntza gaitasun eta erabileran asko eragin duela ikusita, bazkideek aho batez onartu zuten herriz herri euskarazko eskaintza antolatzen duten elkarteek egoera zailari batera erantzutea eta horretarako sektorea egituratzeko prozesua abian jartzea. Izan ere, otsaila eta martxoan egindako gogoeta prozesuan agerian jarri ziren azken urtean aisialdiko eskaintza antolatzeko egondako zailtasunak, eta hurrengo hilabeteetan euskarazko aisialdia berreskuratzea funtsezkoa izango dela azpimarratu zen.

Gizarte aktibazioa eta kultura jardueraren berreskuratzea

2020an pandemiaren eragina gizarte osoak jasan zuela ere nabarmendu zuten ostiralean Topagunearen ordezkariek, euskara elkarteen jarduerak ere kolpatuak izan zirela azpimarratuz: horietako batzuk ezin izan zituzten egin, eta beste asko zeharo moldatu behar izan zituzten. Topaguneak jarduerari ahalik eta neurri handienean eutsi ziola ere gaineratu zuten, Euskaraldiaren bigarren edizioa jarriz horren adibide.

Gauzak horrela, hurrengo hilabeteetan kaltetuenak izan diren sektoreetan jauzi berriak egiteko planak martxan jartzea ere erabaki zuten ostiralean, eta kultura jarduera lehenbailehen berreskuratu eta egoera berrira egokitzeko neurriak ere onartu ziren.

Euskaltzale aktiboak saretu eta euskararen alde gizarte aktibazioa areagotzeko lan ardatzean sakontzea ere erabaki zuten euskaltzaleen elkarteek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak