- Mugikortasuna
Itxiera perimetralak bertan behera geratu direnez, ez da mugarik egongo herritik, lurraldetik edo Euskal Autonomia Erkidegotik irteteko. Etxeratze agindua ere bertan behera gertatuko da, nahiz eta gomendatzen den 23:00etatik 06:00etara mugikortasuna mugatzea.
- Bilerak
Elkartu daitekeen jende kopuruaren aldetik ez da mugarik egongo. Salbuespenak dira ostalaritza (mahai bakoitzean gehienez lau pertsona); eta kirola (gehienez sei pertsona).
Era berean, aurrez aurreko jabeen batzarrak edo auzotarren bilerak baimenduta daude higiene eta osasun segurtasuneko neurriak bermatzen direnean.
- Maskarak
Orain arte bezala, salbuespenak salbuespen, derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea sei urtetik gorako pertsonentzat, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean; bai erabilera publikoko espazio itxietan daudenean edo jendearentzat irekitakoetan daudenean; bai espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu ahal direnean.
Aire zabaleko jarduera fisikoan, nahitaezkoa da maskara erabiltzea pasealekuetan edo kirola hiri-inguruneetan eta jende asko biltzen den lekuetan egiten denean. Kanpoko espazioetan jarduera fisiko handiko aparteko uneetan eta lehiaketetan soilik baimenduko da maskara ez erabiltzea.
Ibilgailu pribatu baten pertsona bat baino gehiago doazenean, eta bizikideak ez direnean, maskara derrigorrezkoa da.
- Ostalaritza
Ostalaritza establezimenduak 22:00ak arte egon ahalko dira zabalik. Barneko edukiera %50era egongo da mugatuta, barran edo zutik ezingo da kontsumitu eta mahai bakoitzean gehienez lau pertsona egon ahalko dira.
Eskaerak 22:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, aurrez hitzordua eskatuta. Etxez etxeko banaketa 23:00ak arte egin ahal izango da.
Gaueko aisialdirako establezimenduetako lokalek itxita jarraituko dute. Lehendakariak egubakoitzean azpimarratu zuen kalean alkohola edatea debekatuta dagoela.
- Gainerako establezimenduak eta jarduerak
Ostalaritzakoek bezala, gainerako establezimenduek ere 22:00etarako itxi beharko dute, eta kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak ere ordu horretan eten beharko dira.
Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimendua edukiera %40koa izango da gehienez; 150 metro koadro baino gutxiagokoetan, %60ra. Azoka txikietan baimendutako postuen %50 jarri ahalko dira.
Joko-lokaletan itxiera 22:00etan izango da, eta edukiera %50era egongo da mugatuta.
- Txokoak
Elkarte gastronomikoek, lonjek eta antzerakoek itxita jarraituko dute.
- Gaztetxeak
Horretarako administrazio-baimena duten lokalek kultura edo gizarte jarduerak edo ekitaldiak egin ahal izango dituzte, eta ezingo dute 22:00ak baino geroago amaitu. Ezarritako jardueren debekuak eta eteteak errespetatu beharko dira, bai eta %50eko gehieneko edukiera ere. Dagokien baimenik ez duten lokalak gazte-lonjen eta antzekoen kapituluan sartzen dira, eta, beraz, itxita egongo dira.
- Hotelak, kanpinak eta turismo-ostatuak.
Eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. Eremu komun bakoitzeko gehieneko edukiera ehuneko 50ekoa izango da, eta ezin izango dira inoiz egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.
- Kultu-lekuak
Gehieneko edukiera %35ekoa izango da. Beilatoki eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona elkartu ahalko dira gehienez; leku itxietan, sei.
- Musika eta ahots-jarduera
Musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalek prebentzio neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak jarduera horretarako ezarritako jarraibideak jasoko dituena.
- Dantza taldeak
Dantza-talde ez-profesionalen entseguak baimenduta daude, eta betiere zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziaren eta maskara erabiltzearen prebentzio-baldintzak. Nolanahi ere, prebentzio-neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena.
- Kirola eta kirol-instalazioak
Kirol instalazioen edukiera %50era egongo da mugatuta; aldageletan %35era. Kirol ekitaldietan ezingo da ikuslerik egon.
Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean sei laguneko taldeetan, gehienez ere. Lehiaketa profesionalean eta federatuan aritzen diren taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira.
Eskola Kirolean entrenamenduak bakarrik egin ahalko dira eta aldagelarik gabe. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da, lehiaketetan edo jarduera fisiko bizietan izan ezik.
- Hondartzak eta igerilekuak
Hondartzen kasuan, Foru-aldundiek eta udalek mugak ezarri beharko dituzte hondartzetara sartzeko eta edukiera zehazteko, erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatu dadin.
Aire zabaleko edo estalitako igerilekuek, bestalde, kirol edo jolas-erabilerarako direnean, edukieraren ehuneko 50eko muga errespetatu beharko dute, bai sarbideari dagokionez, bai kirol edo jolas-jardueretan. Igerilekuetako egonlekuetan, banaketa espaziala ezarriko da, elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko, lurzoruko seinaleen edo antzeko marken bidez.
Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartu bitartean eta eremu zehatz batean egonez gero, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da.