Itxiera perimetralak eta etxeratze agindua bertan behera eta ostalaritza, 22:00ak arte zabalik

Txomin Madina Milikua 2021ko mai. 7a, 19:09

Arratsaldean LABIrekin bildu ostean domekan indarrean jarriko diren neurrien berri eman du Iñigo Urkullu lehendakariak. Ostalaritzakoak bezala, gainerako establezimenduak ere 22:00ak arte egon ahalko dira zabalik  eta ordu horretan etengo dira baita ere merkataritza, gizarte eta kultura jarduerak. Bertan behera geratuko dira itxiera perimetralak, etxeratze agindua eta gehienez lau pertsona batzeko debekua.

Auzitegi Nagusiak eguerdian jakinarazitako ebazpenaren ostean eta LABIrekin bildu eta gero, Iñigo Urkullu lehendakariak domekatik aurrera indarrean egongo diren neurrien berri eman du. Bihar argitaratuko dute dekretua.

Hala, bertan behera geratu dira Erkidegoaren eta udalerrien itxiera perimetralak, baita etxeratze agindua, lau pertsona baino gehiago elkartzeko debekua eta intzidentzia tasa altuko herrietan ordutegiekin-eta aplikatzen ziren bestelako neurriak. Dena den, Urkulluk eskatu du herritarrek, "borondatez", gauean, 23:00etatik 6:00etara mugikortasuna etetea eta baita lau pertsona baino gehiagoko bilerak saihestea ere.

Hurrengo hiru asteak, "erabakigarriak"

Dekretua alarma egoeraren amaierak eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak baldintzatutakoa dela azaldu du lehendakariak. Zentzu horretan, adierazi du "oso zaila " dela ulertzea eta gizarteari azaltzea nola den posible erkidego ezberdinetan neurri berberek erabat kontrakoak diren ebazpen judizialak sortzea. Dena den, esan du Jaurlaritzak ez duela Auzitegi Gorenera joko.

Urkulluren esanetan, hurrengo hiru asteak "erabakigarriak" izango dira intzidentzia-tasa ahalik eta gehien murrizteko eta txertaketa ahalik eta gehien handitzeko, eta herritarrei  "erantzukizun indibiduala eta kolektiboa" eskatu die. Lehendakariak era berean, azken hamalau hilabeteetan euskal gizarteak egindako ahalegina aitortu eta eskertu du: "Azken txanpan gaude. Indarrak elkartu eta azken ahalegina mantendu behar dugu".

Igandetik indarrean egongo diren neurriak

Ondorengoak dira alor ezberdinetan ezarriko diren neurriak:

  • Mugikortasuna

Ez da mugarik egongo herritik, lurraldetik edo Euskal Autonomia Erkidegotik irteteko. Etxeratze agindua ere bertan behera gertatuko da, nahiz eta gomendatzen den 23:00etatik 06:00etara mugikortasuna mugatzea.

  • Bilerak

Elkartu daitekeen jende kopuruaren aldetik ez da mugarik egongo. Salbuespenak dira ostalaritza (mahai bakoitzean gehienez lau pertsona); eta kirola (gehienez sei pertsona).

  • Maskarak

Orain arte bezala derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea sei urtetik gorako pertsonentzat, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean; bai erabilera publikoko espazio itxietan daudenean edo jendearentzat irekitakoetan daudenean; bai espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu ahal direnean.

  • Ostalaritza

Ostalaritza establezimenduak 22:00ak arte egon ahalko dira zabalik. Barneko edukiera %50era egongo da mugatuta, barran edo zutik ezingo da kontsumitu eta mahai bakoitzean gehienez lau pertsona egon ahalko dira.

Eskaerak 22:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, aurrez hitzordua eskatuta. Etxez etxeko banaketa 23:00ak arte egin ahal izango da.

Gaueko aisialdirako establezimenduetako lokalek itxita jarraituko dute. Lehendakariak gaineratu du kalean edatea debekatuta dagoela.

  • Gainerako establezimenduak eta jarduerak

Ostalaritzakoek bezala, gainerako establezimenduek ere 22:00etarako itxi beharko dute, eta kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak ere ordu horretan eten beharko dira.

Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimendua edukiera %40koa izango da gehienez; 150 metro koadro baino gutxiagokoetan, %60ra. Azoka txikietan baimendutako postuen %50 jarri ahalko dira.

Joko-lokaletan itxiera 22:00etan izango da, eta edukiera %50era egongo da mugatuta.

  • Txokoak

Elkarte gastronomikoek, lonjek eta antzerakoek itxita jarraituko dute.

  • Hotelak, kanpinak eta turismo-ostatuak.

Eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. Eremu komun bakoitzeko gehieneko edukiera ehuneko 50ekoa izango da, eta ezin izango dira inoiz egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.

  • Kultu-lekuak

Gehieneko edukiera %35ekoa izango da. Beilatoki eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona elkartu ahalko dira gehienez; leku itxietan, sei.

  • Musika eta ahots-jarduera

Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloa beharko dute.

  • Dantza taldeak

Dantza-talde ez-profesionalen entseguak baimenduta daude, eta betiere zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziaren eta maskara erabiltzearen prebentzio-baldintzak.

  • Kirola eta kirol-instalazioak

Kirol instalazioen edukiera %50era egongo da mugatuta; aldageletan %35era. Kirol ekitaldietan ezingo da ikuslerik egon.

Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean sei laguneko taldeetan, gehienez ere. Lehiaketa profesionalean eta federatuan aritzen diren taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira.

Eskola Kirolean entrenamenduak bakarrik egin ahalko dira eta aldagelarik gabe. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da, lehiaketetan edo jarduera fisiko bizietan izan ezik.

  • Hondartzak eta igerilekuak

Hondartzen kasuan, Foru-aldundiek eta udalek mugak ezarri beharko dituzte hondartzetara sartzeko eta edukiera zehazteko, erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatu dadin.

Aire zabaleko edo estalitako igerilekuek, bestalde, kirol edo jolas-erabilerarako direnean, edukieraren ehuneko 50eko muga errespetatu beharko dute, bai sarbideari dagokionez, bai kirol edo jolas-jardueretan. Igerilekuetako egonlekuetan, banaketa espaziala ezarriko da, elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko, lurzoruko seinaleen edo antzeko marken bidez.

Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartu bitartean eta eremu zehatz batean egonez gero, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak