Euskal Herri osoko hainbat udalerrik osatzen duten partzuergoa da Udalbiltza. Euskal Herriaren kohesioa helburu, askotariko proiektuak bultzatzen ditu arlo ezberdinetan; Geuretik sortuak da, kultura arloan abiatu duten estreinako proiektua.
COVID19ak sortzaileen bizi eta lan baldintzak asko zaildu ditu baina lehenago ere ez zen, orokorrean, gura besteko ona eta egoerarekin kezkatuta lanean hasi zirela kontatu du Geuretik sortuak ekimeneko arduradun Libe Hernandok: "Kultura ekoizpen handia dago Euskal Herrian baina beste herrialde batzuetatik datozen ekoizpen handiengatik mehatxatuta dago. Proiektuarekin euskal kultura lehen lerroan jarri nahi dugu, euskaraz egiten duten kulturgileei laguntza emanez eta kultura Euskal Herriko ahalik eta bazter gehienetara eramanez".
Hiru arte diziplina
Urtarrilean ireki zuten artisten beka-deialdia, eta 73 proposamen artistiko jaso zituzten: 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. "Artistei proposatzen zitzaiena, guztiz berritzailea izateaz gain, ez zen lan makala: zein herritara joango ziren jakin gabe, euren proposamen artistikoa azaltzean zetzan, baita eremu ezberdinetara egokitzeko malgutasun planteamendu bat aurkeztean ere".
Hamar pertsonaz osatutako epaimahaiak 26 artista hautatu zituen; horien artean izen handiko kulturgileak eta ezezagunagoak ere bai. "Heterogeneotasuna bermatu da hautaketan, proposatutako gaien, adin-tartearen edota lurraldetasunaren aldetik, baita genero parekidetasuna ere. Proposamen horiek gero, ekimenarekin bat egin duten 26 zonaldetan aurkeztuko ditugu –26 udalerri baino gehiago dira; izan ere, herri batzuk elkarrekin hartuko dute parte–; eta baliteke, beste eremu batzuetara ere zabaltzea".
Oñatin, Zuberoako Bon Bon Noir
Zuberoako antzerki taldekoak dagoeneko harremanetan ari dira ekimeneko Oñatiko ordezkariekin egonaldiak noiz eta zelan egin adosteko. "Herriko elkarteen eta bestelako eragileen eta sortzaileen arteko zubi lanak egiten lagunduko dute ordezkari horiek. Gehienez 21 eguneko egonaldiak izango dira eta ez dute zertan jarraian egin behar".
Zuberoako Bon Bon Noir antzerki taldeak Oñatiko historian, bizipenetan eta anekdotetan arakatuko du. "Ilusio handia egin digu talde horrek parte hartzea; izan ere, Akitania Berrian ibili dira, bereziki, orain artean, eta euskaldunak badira ere, gehienbat frantsesez egiten dute lan. Euskaraz sortzera animatu dira eta erronka da eurentzako. Taularen gainean bi aktore izango dira eta umore absurdoaren bitartez sortuko duten antzezlana eskainiko dute".
Oier Zuñiga, Bergaran
Iruñeako margolari eta eskarmentuko aktore gazte Oier Zuñigak Bergaran egingo du egonaldi artistikoa, eta hasi da hori ere Bergarako ordezkariekin lehen hartu emanetan. "Asko harritu eta gustatu zaigun proiektua aurkeztu du iruindarrak. Dolua gaitzat hartuta, ikuskizun bat sortzeko asmoa du, antzerkia eta dantza fusionatzen duena. Hiru lagun bakarrik izango dira taularen gainean. Proposamen soila besteko polita dela iruditzen zaigu. Lanak egiteko epe ezberdinak izango dira diziplinaren arabera, antzerkiaren alorrekoak urtarrilerako bukatuta egon behar dira eta otsailetik aurrera taularatzea litzateke asmoa".
Hasiera sinbolikoa, Oiartzunen
Egonaldi artistiko batzuk hasita dauden arren, ofizialki, modu sinbolikoan emango diote hasiera maiatzaren 20an Oiartzunen egingo duten ekitaldiarekin. "Mugatua izango da; ekimeneko artistendako, herrietako ordezkariendako eta komunikabideendako izango da bakarrik".
Aldundiak, 'Piztu Kultura 2021' plana
5.545.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak Piztu Kultura 2021 planera, COVID-19aren eraginez kultur sektoreak bizi duen krisi larriari aurre egiteko. "Kultur jardueraren zati handi bat gelditu egin da; kultura proiektuak lagundu nahi ditugu, horien sare soziala babesteko eta krisiaren ondorioak arintzeko, eta, horretarako, 1.495.000 euro gehiago xedatu dira iazko ekitaldiarekin alderatuta", azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuko diputatu Harkaitz Millanek.
Bost jarduera ildo nagusi ezarri dituzte: kultura sarerako laguntzak; udaletarako eta museotarako laguntzak; sortzaileendako laguntzak; enplegua sustatzeko laguntzak eta proiektu estrategikoetarako.