Gaur bertan eguneratutako datuen arabera, 622.987 lagun dira txertoaren lehenengo dosia bakarrik jaso dutenak eta 240.915k jaso dituzte biak. Bestetik, 18.658 dira Janssenen ziztada bakarra hartu dutenak edota protokoloak aginduta dosi bakarra jaso behar izan dutenak.
Aurreko asteazkenean 738.772 ziren momentura arte jarritako dosiak eta gaurko buletinean jakinarazi denez, 888.530 dira orain; guztira, 152.758 gehiago. Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi du, guztira, aurreko astelehenetik hasita, 160.000 dosi baino gehiago izan direla astebetean jarritakoak, eta erritmo horri eutsi nahi zaiola.
Une honetan, 70-79 eta 60-69 urte bitartekoak ari dira txertatzen –lehenengoak Pfizerrekin eta bigarrenak AstraZenecarekin– eta aurreko asteko txerto kopuru bera jasoz gero, aste honetan bertan jarriko dizkiete talde horietako guztiei lehenengo dosiak.
Txertaketaren bilakaera, datuetan
Txertaketa-taldeei erreparatuta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, zentro sozio-sanitarioetako egoiliar eta profesionalen % 100ek jaso dituzte bi dosiak eta baita Osakidetzako profesionalek ere. Bestetik, zentro pribatuen eta garraio sanitarioaren alorreko % 92,1ek jaso du lehenengoa eta % 73,4k bigarrena. Eta taldeekin bukatzeko, unibertsitatez kanpoko hezkuntza arlokoek, beste zerbitzu sozio-sanitarioetako profesional eta erabiltzailek eta ertzainek ziztada bakarra jaso dute; hain zuzen ere, % 100ek jaso du lehenengo dosia eta inork ere ez bigarrena.
Bestetik, adinka antolatutako taldeei erreparatuta, honakoa da egoera:
Adin-taldea | 1. dosia | 2. dosia |
100 edo gehiago | % 100 | % 98,8 |
90 - 99 | % 100 | % 98,1 |
80 - 89 | % 100 | % 88,1 |
70 - 79 | % 73,1 | % 17,6 |
60 - 69 | % 55,9 | % 5,9 |