Egubakoitzean 36 positibo baieztatu ziren bailaran, zapatuan 23 eta atzo, aldiz, hemeretzi; zenbatekoek behera egin dute egunetik egunera. Hurrengo taulan daude datu zehatzak:
HERRIA | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Arrasate | 7 | 10 | 4 | 21 |
Oñati | 12 | 4 | 2 | 18 |
Aretxabaleta | 5 | 5 | 3 | 13 |
Bergara | 4 | 1 | 8 | 13 |
Eskoriatza | 7 | 1 | 1 | 9 |
Antzuola | 1 | 0 | 1 | 2 |
Aramaio | 0 | 2 | 0 | 2 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 36 | 23 | 19 | 78 |
Positiboetan beherakada igarri den arren, intzidentzia-tasetan ez du isla nabarmenik izan oraindik; Elgeta salbu, eskualdeko herrietako neurriek berdin jarraituko dute beste aste batez. Nolanahi ere, zenbatekoek behera egin dute Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten eta Oñatin, eta gora Bergaran eta Eskoriatzan. Bestetik, berdin mantendu dira Elgetan eta Leintz Gatzagan, eta azken horretan zerora jaitsi da tasa metatua; izan ere, azken hamalau egunetan ez da kasurik atzeman.
Hala, Leintz Gatzaga eta Elgeta salbu, eskualdeko herri guztiek jarraitzen dute Osasun Sailak markatutako mugatik gora –400eko intzidentzia-tasa metatutik gora–, baina hurrengo mapan neurri murriztaileak indarrean dituzten herriak bakarrik agertzen dira gorriz markatuta.
> Herri gorrietan indarrean dauden neurriak:
- Itxiera perimetrala. Udalerria perimetralki itxita dago, eta alboko herrietara joan ahal izango da, bakarrik, erosketak edo kanpoko kirola egiteko.
- Ostalaritza barruak. Establezimenduen barnealdeetan egoteko ordutegia egongo da: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazak orain arte bezala zabalik egon daitezke.
- Kirola barruan. Gune itxietan kirola egiteko, taldeek ezingo dute lau laguneko kopurua gainditu, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili, igerilekuetan izan ezik –gune horietan %35eko edukiera baimenduta dago, eta baita dutxak bakarka erabiltzea ere–.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
506 kasu EAEn
8.363 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan eta %6,1ek eman du emaitza positiboa; hain zuzen ere, 506k. Lurraldeka, 291 positibo izan dira Gipuzkoan erregistratutakoak, 268 Bizkaikoak, 38 Arabakoak eta bederatzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak. Bestalde, oinarrizko birsorkuntza datuak behera egiten jarraitu du asteburuan, eta atzo 0,89ra jaitsi zen.
Eta lurraldeen intzidentzia-tasei dagokienez ere, beheranzko joera azpimarratu behar da. Beheko grafikoan daude datuak:
Bestetik, ospitaleetan, 45 pertsona ingresatu dituzte azken orduetan, eta 715 dira guztira ospitaleratuta daudenak; horietatik 195, ZIUn (aurreko egunean baino sei gehiago).
Nafarroan, 105 positibo
9.854 proba egin ostean, 105 positibo baieztatu dituzte Nafarroan; proben %7k eman du emaitza positiboa, alegia. Eta ospitaleetako egoerari dagokionez, zortzi lagun ingresatu zituzten atzo eta 190 daude guztira erietxeetan; horietatik 36, ZIUn.