Osasun Publikoaren Batzordeak lau eta sei aste artean atzeratu du AstraZenecaren bigarren dosiaren inguruko erabakia. Adierazi duenez, lehenengo dosia hartutakoen antigorputzak neurtu nahi dituzte, haien immunitate maila ikertzeko. Baina AztraZeneca botika etxearen arabera, lehenengoa hartu eta hamabi astera eman behar da bigarren dosia, eta txertoa jasotzen lehenak izan zirenentzat laster beteko da epea.
Europako hainbat herrialdeetan bi eratako erabakiak hartu dira. Italian eta Erresuma Batuan esaterako, etxe bereko dosia jartzen ari dira, baina Frantzian eta Alemanian, berriz, Pfizerrekin ari dira konbinatzen.
Orain arte, erabaki ugari
Urtarrilaren 29an onartu zuen AstraZenecaren txertoa Europako Batzordeak, eta otsailean hasi ziren txertaketak. Martxoan, baina, eten egin zen kanpaina, Sendagaien Europako Agentziak hainbat tronbo kasu aztertu arte.
Martxoaren 18an, harremanik ez zegoela ondorioztatu zuen SEAk, eta hilabete bukaeran, berriz abiatu zen txertaketa; ez luzerako, ordea. Apirilaren 7an, lotura berriak aurkitu ziren tronboen eta txertoaren artean, eta berriz eten zen prozesua.
EAEn, AstraZenecaren 183.532 dosi jarri dira guztira; horietatik 2.352 lagunek ez dute bigarrenik behar (osasun-protokoloek hala egintzen dutelako), baina 181.180 beste dosi baten zain daude. Besteak beste, 55 urtetik beherako suhiltzaileak, ertzainak, udaltzainak, zerbitzu sozio-sanitarioetako profesionalak eta unibertsitatez kanpoko hezkuntza arloko langileak dira zain daudenak.