31 positibo baieztatu dira Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2021ko api. 30a, 12:53

Atzo egindako probek hamar kasu atzeman dituzte Bergaran, zortzi Arrasaten, bost Oñatin, lau Aretxabaletan, bi Eskoriatzan eta bana Antzuolan eta Aramaion. Guztira, 7.296 dira orain arte kutsatutako debagoiendarrak.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasek gora egin dute Antzuolan, Aretxabaletan, Bergaran eta Oñatin, eta behera Aramaion eta Arrasaten. Nolanahi ere, oraindik eskualdeko herri guztiek jarraitzen dute Osasun Sailak markatutako mugatik gora –400eko intzidentzia-tasa metatutik gora–. Halere, hurrengo mapan neurri murriztaileak indarrean dituzten herriak bakarrik agertzen dira gorriz markatuta.

> Herri gorrietan indarrean dauden neurriak:

  • Itxiera perimetrala. Udalerria perimetralki itxita dago, eta alboko herrietara joan ahal izango da, bakarrik, erosketak edo kanpoko kirola egiteko.
  • Ostalaritza barruak. Establezimenduen barnealdeetan egoteko ordutegia egongo da: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazak orain arte bezala zabalik egon daitezke.
  • Kirola barruan. Gune itxietan kirola egiteko, taldeek ezingo dute lau laguneko kopurua gainditu, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili, igerilekuetan izan ezik –gune horietan %35eko edukiera baimenduta dago, eta baita dutxak bakarka erabiltzea ere–.

Lurraldeetako intzidentziek, behera

EAEko bilakaera hobera egiten ari dela esan daiteke, izan ere, atzoko datuen arabera, adierazle guztietan egon dira aldaketa positiboak: intzidentzia-metatuak 4,91 egin du behera (532,98koa da); oinarrizko birsorkuntza datuak 0,03 egin du behera (0,94koa da);  tasen arrazoiak ere 0,02 egin du behera (-0,02); eta, bukatzeko, ZIUetan hiru lagun gutxiago daude.

Beheko grafikoan lurralde bakoitzaren intzidentzia-tasen bilakaera adierazten da. Araba 400etik behera dago (392,48) eta Bizkaia du gertuen (452,46). Gipuzkoan, berriz, zenbatekoa jaisten ari den arren, tasa 700etik gorakoa da oraindik.

Eta positibo berriei dagokienez, 11.017 proba egin ostean, 808 positibo baieztatu dituzte; positibotasuna %7,3koa izan da, alegia. Lurraldeka, 349 kasu izan dira Gipuzkoan hautemandakoak, 368 Bizkaikoak, 83 Arabakoak eta zortzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak.

Bestetik, ospitaleetan, aurreratu bezala, egoerak hobera egin du. Hamar lagun gutxiago daude ingresatuta (hiru gutxiago ZIUn eta zazpi gutxiago plantan), baina oraindik 709 dira ospitaleratuta daudenak; horietatik 189, ZIUn. Gainera, atzo 96 pertsona ingresatu zituzten EAEko erietxeetan.

Nafarroako datuak, gehitzeke

Nafarroako Gobernuak behin betiko datuak argitaratutakoan osatuko da albistea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak