Pandemia urtean zilarrak zapore gozoagoa du

Xabier Urtzelai 2021ko api. 30a, 19:00

Beñat Arnaiz eta Mikel Mujika podiumeko bigarren koxkara igo ziren joan den asteburuan. Oñatin lortu zuen lehenengoak eta Peñiscolan bigarrenak. Lasterketak ia desagertu diren honetan, zorrotz entrenatzen jarraitzeak saria izan du.

"Gustatu egin behar zaizu bizimodu hau, entrenatzea, norbere burua zaintzea... Sakrifizioak egiten zabiltzala uste baduzu, lasterketak ia desagertu diren honetan hilabete jarraitu dezakezu gogor entrenatzen, baina bigarrenean normalena izaten da motibazioa galdu eta dena bertan behera uztea". Beñat Arnaizen (Aretxabaleta, 1980) berbak dira, triatleta gazteen aurrean Oñatin zilarra jantzi eta oraindik ere gorputzaldi onean dagoela erakutsi ostean. "Gazte izateak baditu bere abantailak, ez dituzte horrenbeste ardura, denbora gehiago daukate entrenatzeko... Baina niri, behintzat, gaztetan gehiago kostatzen zitzaidan egin beharreko horretan zentratzea, eta heldutasunak horixe ematen dizu".

Gazteagoa izanda ere Mikel Mujika (Bergara, 1989) iritsi da heldutasun puntu horretara; alegia, 2020an lasterketak bertan behera geratzen joan ziren neurrian, patxadaz hartu zuen Hawaiiko ironmana atzeratu izana. "Halako egoeretatik gauza positiboak atera behar dira. Egoera gogorra zen guztiondako, egia da Hawaii atzeratu izanak motibazioan eragin zezakeela, baina entrenatzailearekin berba eginda atera genuen ondorioa izan zen lanean jarraitu behar genuela, hobetzen jarraitu behar genuela, ondoren lasterketak iristen ziren momentuan aurrerapausoa eman ahal izateko". Eta halaxe egin du bergararrak. "Konfinamenduan, arrabolean kalitatezko lana egiten saiatu ginen eta ondoren ikusi dugu koxka bat egin dugula aurrera bizikleta gainean. Korrika ere ez nuen askorik galdu, eta egia da igerilekura itzultzea izan dela gogorrena. Kiroldegiak itxita egon zirenez, denbora askoan egon ginen igeri egin gabe. Hala, horretarako baliatu dut negua, igeri egiteko".

Beñat Armaiz, triatleta: "Gustatu egin behar zaizu bizimodu hau, motibazioari eustea oso zaila da bestela"

Baina, Arnaizek 2020an dortsalik jantzi ez zuen moduan, Mujika udazkenean lanpetuta ibili zen. "Bost lasterketa egin nituen bi hilabetean. Egia da distantzia luzekoak izanda, akaso, lartxo zela, baina hor erre genituen urte osoko balak". Eta hor ikusi zuen bergararrak udaberrian egindako lanak emaitzak eman zituela: "Oso gustura ibili nintzen. Aranjuezen (Madril) egin nuen lehen triatloia eta bosgarren izan nintzen. Ordura arte, entrenamenduetan egindako lasterketa simulazioetan ikusten nuen ondo nengoela, hori zioten datuek, baina benetako lasterketa batean ez zeuden arte... Eta jarraian, Bilbon egindako distantzia luzeko Espainiako Txapelketan oso-oso gustura geratu nintzen. Akaso, orain arte egin dudan lasterketa onena izan zen. Hamargarren sailkatu nintzen, baina oso maila oneko triatletak batu ziren bertan; neure burua eurekin borrokan ikustea ederra izan zen".

Mikel Mujika, triatleta: "Oñatikoek proba antolatu izana sekulakoa da, txalotzekoa" 

Antolatzaileen apustua

Hain zuzen, 2021 honetan ostera ere dortsala janzteko ezinbestekoa izan da antolatzaile batzuek probak antolatzeko hartu duten konpromisoa eta lana, eta hor esker berbak baino ez dituzte Arnaizek eta Mujikak. "Txalotzekoa da, esaterako, Oñatikoek egin duten lana; probak bertan behera geratu diren honetan batzuek apustu handia egin dute, zailtasunak baino ez dituzte izan bidean, eta, hala ere, gauzak ondo eta segurtasunarekin egin daitezkeela erakutsi dute". Alde horretatik, Mujikak nabarmendu du Peñiscolan, esaterako, lasterketak babes handia izan zuela bai atleten, bai herritarren eta baita politikarien partetik ere: "Nabari zen babes hori, eta proba modu ikusgarrian antolatu zuten, neurriak oso zorrotz beteta. Hala, denboraldia planifikatzeko orduan ikusi genuen Espainiako Federazioaren babesean antolatzen zituzten probek aurrera egiteko aukera gehiago zituztela, protokolo aldetik ere garatuago zuten dena, eta FETRI zirkuituko lasterketak egiteko erabakia hartu nuen. 800 triatleta inguru batu ginen Peñiscolan, eta dena joan zen bikain. Kanpora lehiatzera joatea erabaki dugu, Euskal Herrian dena bertan behera geratu delako. Testuinguru horretan oñatiarrak etxeko lasterketa antolatzera animatu izana txalotzekoa izan da".

Arnaiz bat dator Mujikarekin, jakinda, gainera, Aretxabaletakoarendako Oñatiko lasterketa berezia dela: "2020a probarik egin barik pasa ostean, zapatua egun berezia izan zen. Emazteari komentatu nion lasterketa aurretik oso urduri nengoela, eta hori seinale ona izaten da. Alde horretatik, antolatzaileei eskerrak eman baino ez daukagu". Hala, dena ondo bidean, maiatzaren 8an Murgian egingo duten Zuiako distantzia luzeko lasterketan egingo dute biek bat: "Bi lasterketa hauek egin baditzaket, urtea hasteko modu ederra izango litzateke; oraingoz, ez dut gehiagorik eskatzen", dio Arnaizek. Mujikak, berriz, urriaren 9a du gorriz markatuta: "Hainbatetan atzeratu eta gero, Hawaiiko ironmanera joateko tramite guztiak eginak ditugu, ea oraingoan posible den".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak