Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasei erreparatuta, zenbatekoek gora egin dute Aretxabaletan, Bergaran eta Eskoriatzan, eta gutxi bada ere, tasak behera egin du Oñatin. Gainerakoetan, berriz, berdin mantendu dira datuak.
Hurrengo mapan daude zenbateko guztiak eguneratuta, eta gorriz markatuta ageri dira neurri murriztaileak indarrean dituzten udalerriak. Hala, Aramaiok eta Leintz Gatzagak ere 400ndik gorako intzidentzia duten arren, neurririk indarrean ez dutenez, ez dira gorriz agertuko momentuz.
> Herri gorrietan indarrean dauden neurriak:
- Itxiera perimetrala. Udalerria perimetralki itxita dago, eta alboko herrietara joan ahal izango da, bakarrik, erosketak edo kanpoko kirola egiteko.
- Ostalaritza barruak. Establezimenduen barnealdeetan egoteko ordutegia egongo da: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazak orain arte bezala zabalik egon daitezke.
- Kirola barruan. Gune itxietan kirola egiteko, taldeek ezingo dute lau laguneko kopurua gainditu, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili, igerilekuetan izan ezik –gune horietan %35eko edukiera baimenduta dago, eta baita dutxak bakarka erabiltzea ere–.
Sei heriotza bailaran
Gaur argitaratu du Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoa, eta jakinarazi duenez, hilaren 19tik 25era 49 lagun zendu dira Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik sei, Debagoienean. Zehatzago esateko, azken astean, bost arrasatear eta eskoriatzar bat hil dira COVID-19aren ondorioz.
Hala, dagoeneko, 166 dira bailaran gaitzaren ondorioz hildakoak (goiko mapan daude herriz herriko datuak) eta Hego Euskal Herrian, 5.350 pertsona zendu dira.
R0, 1etik behera
Martxoaren 14tik atzora arte, oinarrizko birsorkuntza datua ez da 1etik behera egon EAEn; atzo, baina, 0,97koa erregistratu zen. Horrek esan nahi du kutsatutako pertsona batek ez duela batez beste pertsona bat baino gehiago kutsatu, eta hortaz, pandemia ez dela hedatu.
1.056 positibo, Hego Euskal Herrian
Atzo egindako PCR eta antigeno proben %7,3k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %6,4k Nafarroan, eta hala, 1.056 kasu baieztatu zituzten: 412 Bizkaian, 386 Gipuzkoan, 180 Nafarroan, 70 Araban eta zortzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Ospitaleetan, berriz, 83 lagun ingresatu zituzten atzo EAEn, eta guztira 719 daude ospitaleratuta (herenegun baino zazpi gutxiago); horietatik, baina, 192 daude ZIUn (aurreko egunean baino zortzi gehiago). Nafarroan, aldiz, zortzi lagun ingresatu zituzten eta orotara 204 daude erietxeetan; 40, ZIUn.