Gaur bertan eguneratutako datuen arabera, 542.407 lagun dira txertoaren lehenengo dosia bakarrik jaso dutenak eta 186.529k jaso dituzte biak. Bestetik, 9.836 dira Janssenen ziztada bakarra hartu dutenak.
Astelehenean 707.219 ziren momentura arte jarritako dosiak eta gaurko buletinean jakinarazi denez, 738.772 dira orain; guztira, 31.553 gehiago bi egunetan. Horri lotuta, Osakidetzaren arabera, erritmo bera jarraituko dute datozen egunetan ere, eta astebetean 100.000 lagun txertatzeko asmoa erakutsi dute.
Txertaketa-taldeei erreparatuta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, zentro sozio-sanitarioetako egoiliar eta profesionalen % 100ek jaso dituzte bi dosiak eta Osakidetzako profesionalei dagokienez, lehenengoa % 100ek jaso badu ere, % 97,3k jaso du bigarrena. Bestetik, zentro pribatuen eta garraio sanitarioaren alorreko % 91,7k jaso du lehenengoa eta % 73,2k bigarrena. Eta taldeekin bukatzeko, unibertsitatez kanpoko hezkuntza arlokoek, beste zerbitzu sozio-sanitarioetako profesional eta erabiltzailek eta ertzainek ziztada bakarra jaso dute; hain zuzen ere, % 100ek jaso du lehenengo dosia eta inork ere ez bigarrena.
Bestetik, adinka antolatutako taldeei erreparatuta, honakoa da egoera:
Adin-taldea | 1. dosia | 2. dosia |
100 edo gehiago | % 100 | % 97,9 |
90 - 99 | % 100 | % 96,4 |
80 - 89 | % 100 | % 62,4 |
70 - 79 | % 60,4 | % 4,9 |
60 - 69 | % 38 | % 5,0 |