"Gerran zuzenean parte hartu gabe, umeak gehien sufritu zuten biktimak" izan zirela uste du Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kidea den Juan Ramon Garaik. Gaia "gutxi landutako kontua" zela iritzita, 2019an hasi ziren lanean, gerrako ume izandako Jose Lopez arrasatearrak eta Eulogio Diez bergararrak eskatuta: "1936ko irailean 4.500 debagoiendarrek baino gehiagok egin zuten alde Euskal Herritik. Horietatik ia 500 adin txikikoak, 16 urte artekoak zirela ondorioztatu dugu".
Pandemiak omenaldia urtebete atzeratu duen arren, asteburuan egingo dituzte ekitaldiak. Gaur, Seminarixoan 12:00etan eta Kulturaten 18:00etan egingo dituzte Bergarako eta Arrasateko ekitaldiak. Zapatuan, Aretxabaletako Arkupen, Oñatiko udaletxean eta Elgetako udaletxean egingo dituzte, 12:00etan. Hala, 1936. urtean 0 eta 16 urte bitarte zituzten eta erbestera ihesi joan ziren haur debagoiendarrek Iñigo Arregi artistak egindako Egiaren iturria oroigarria jasoko dute asteburuan zehar.
Herrira itzultzean, etxe barik
Omenduko dituzten gerrako umeen testigantzak batu ditu Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Hemen, batzuenak: Familia Arrasatetik ihesi joan ostean, Angel Balzategi Olazagoitia Gironan jaio zen, 1938an. Frankistak Katalunian sartu zirenean, baina, 1939an, etxera itzuli behar izan zuten: "Etxea apurtuta zegoen, eta eskerrak Mendikutek beste etxe bat utzi zigun bizitzera joateko".
Oñatira iritsi eta etxea okupatua zuten ere Maria Angeles Urteaga Madinabeitiak eta haren familiak. 1937an jaio zen Maria Angeles, Bizkaian. Handik Asturiasera eta ostean Frantziarako bidean, hiltzeko zorian izan zen Maria Angeles txikia: " Barkuan, laban egin eta umea uretara erori zitzaion amari. Soldaduak zeuden, eta segituan sartu zen soldadu bat, eta momentu-momentuan atera ninduten uretatik".
Joxemari Muxika Arrieta arrasatearra ere Bizkaian jaio zen, Getxon, 1937an. Handik Kataluniara joan ziren. Gerra bukatzean, ama etxera itzuli zen, baina aita eta osaba Iparraldera joan ziren. Gogoan du aita ikusteko egindako bidaia: "1946an joan ginen estropadak ikustera Donostiara, irailean, Iparraldetik zetorren aita ikusteko. Amak erabaki zuen 1947an Iparraldera joatea, eta klandestinoki pasa zuen muga kontrabandistekin".
Ia ehun arrasatear, Frantziara
Trenean ere, baina herritik joateko, ia beste ehun arrasatearrekin batera, Laredorako bidea hartu zuen Pedro Gonzalez Pintok, ama eta arrebarekin: "Pitón izeneko itsasontzi ingeles batean sartu gintuzten. Ikatza garraiatzeko bodega zikin batean". San Fraun du Prieresera eraman zituzten, Frantziara. Mooro izeneko farmazialari batek adoptatu zuen Gonzalez, eta berarekin bizitzen egon zen, Gurutze Gorriak Irunera ekarri zuen arte.
Ama, hilda; aita, kartzelan
Antzerako helmuga izan zuen Jose Maria Garcia Zubia oñatiarrak ere, baina aurretik ama galdu zuen, gaixotuta: "Abadiñora joan ginen, 9 urte nituela. Bertan geunden Durango bonbardatu zutenean. Ikusi genituen hegazkinak pasatzen eta bonbak botatzen. Bilbora eta gero Santanderrera joan ginen, eta ama ahultasunak jota hil zen; bonbardaketekin, tuneletik tunelera genbiltzan, eta gaixotu egin zen. 32 urte zituela hil zen".
Ama galduta eta aita kartzelan zuela, Gurutze Gorri internazionalaren bitartez itsasontzi ingeles batean sartu zituzten anaia eta bera, hasiera baten, Errusiara bidaltzeko, baina, azkenean, Marseillara joan ziren; ostean, Colombes herrira: "Alemanak gerturatzen ari ziren eta Miarritzera eraman gintuzten, SSak iritsi arte; orduan, autobusetan sartu eta Hondarribira. Aita kartzelan zegoen, eta izeba Petrarekin bizitzera joan ginen".
Errusian, "harrera handia"
Kolpe militarra hasi zenean 10 urte zituen Eulogio Diez Sanchez bergararrak. Aita UGTkoa zen, eta Bilbora joatea erabaki zuten, 1937an Eulogiok eta bere lehengusu Felipek Errusiarako bidea hartu zuten arte: "Santurtzira joan ginen, eta Habana ontzian Frantziarantz abiatu ginen. Bordelera iristean, Gurutze Gorriak janaria eman zuen, baina guri, Errusiara gindoazenoi, ezer ere ez, ezta urik ere". Biltegi batean egin zuten bidaia, hurrengo egunean Suntay itsasontzian Leningraderantz ontziratu ziren arte. Errusian egindako urteetan oso ondo tratatu zituztela gogoratzen du Diezek: "Han harrera handia egin ziguten, oso ondo tratatu gintuzten, 4 urte geroago alemanek Sobietar Batasuna inbaditu zuten arte".
Libertad? Zer izen da hori?
Gerra hasi zenean alde egin zuen Bergaratik Luzia Farraz Laskurainen familiak. Frantzian egon ostean, 1943an itzuli zen Luzia Bergarara, izeba eta ahizpekin. Aita preso zuen, eta urtebetera notarioarenera joan zireneko pasarte bat du bereziki gogoan: "Familia liburua zabaltzerakoan, notarioak irakurri zuen: 'Libertad, ¿qué es ésto? Franco dio un plazo de dos meses para quitar todos los nombres subversivos y vascos'. Nik erantzun nion: 'Estábamos en Francia y no nos enteramos'".
Ospitalera bidean bonbak hilda
Untzillan obus batek hankak txikitu zizkion Olga eta Manolo Etxebarrieta Oteiza aretxabaletarren aitari, 1937an. Basurtoko ospitalera bidean abiazio alemanak Durango bonbardatu zuen, eta, anbulantzian zihoala, bertan hil zen aita. Bilbora joan zen bizitzera orduan familia, handik Santanderrera eta ostean Frantziara: "Handik Belgikara joan ginen. Gero, denok Katalunian, Bartzelonan, elkartu ginen, Aretxabaletara etorri aurretik".
"Lan egin, obeditu eta isilik"
Kontzentrazio-eremu batean gaixotuta hil zen Eugeni Langaran Rodriguez arrasatearraren aita. Normandian egon ostean, herrira itzuli zen amarekin Eugeni. Gogoan du amak gogor lan egin zuela aurrera egin ahal izateko: "ELMAn sartu eta tornu errebolber automatiko baten jarri zuten lanean, gizonak bezala. Lan egitea besterik ez digute irakatsi; lan egin, obeditu eta isilik egon".
Gerrako ume omenduak, herririk herri
Antzuola
- • Ortiz de Lejarazu Saez, Rosa.
- • Ortiz de Lejarazu Saez, Azucena.
Aretxabaleta
- • Alberdi Bengoetxea, Amaia.
- • Etxebarrieta Oteiza, Begoña.
- • Etxebarrieta Oteiza, Manolo.
- • Etxebarrieta Oteiza, Juana.
- • Monge Andres, Francisca.
- • Zubillaga Altube, M. Pilar.
- • Zubillaga Altube, Fernando.
Arrasate
- • Abarrategui Mendizabal, Nieves.
- • Arenaza Velasco, Amparo.
- • Arsuaga Menchaca, Margarita.
- • Ayesa Mondragon, Jose Luis.
- • Aranbarri Riviere, Antxon
- • Azula San Miguel, M. Teresa.
- • Balzategi Olazagoitia, Angel.
- • Balzategi Olazagoitia, M. Angeles.
- • Bolinaga Garay, Mercedez.
- • Etxabe Zubizarreta, Luzia.
- • Dominguez Jimenez, Carmen.
- • Garcia Andres, Encarna
- • Garcia Vermande, Paquita.
- • Garcia Cacho, Josefina.
- • Garcia Cacho, Santiago.
- • Garcia Cacho, Luisa.
- • Garcia Cacho, Lucio.
- • Garcia Cacho, Jesus.
- • Gonzalez Pinto, Pedro.
- • Gonzalez Pinto Aurea.
- • Gonzalez Monje, Cristina.
- • Jauregui Iza, Montse.
- • Langaran Rodriguez, Eugeni.
- • Lopez Diez, Jose.
- • Lopez Diez, Luis.
- • Moreno Leibar, Imanol.
- • Muxika Arrieta, Jose Maria.
- • Oroiz Garcia, Felisa.
- • Riviere Andres, Jose.
- • Martinez de Ubago Ruiz de la Cuesta, Carmen.
- • Uranga Mandaluniz, Juana.
- • Uranga Mandaluniz, Beatriz.
- • Ugarte Eguiluz, Juan Manuel.
- • Ugalde Ariznabarreta, Edurne.
- • Uriarte Lasagabaster, Roberto.
- • Ugarte Zubialdea, Josefa.
- • Vega Galdos, Pedro.
- • Vitoria Berecibar, Olga.
- • Zabaleta Ortubai, Tere.
Bergara
- • Ambroy Aranzabal, Carmen.
- • Ambroy Aranzabal, Jose Maria.
- • Askasibar Garate, Joseba.
- • Arrieta Aztiazaran, Garbiñe.
- • Arruabarrena Etxezarreta, Ana Maria.
- • Arruabarrena Etxezarreta, Manuel.
- • Azkarate Garay, Albiñe.
- • Begiristain Urcelay, Edurne.
- • Begiristain Urcelay, Narciso.
- • Begiristain Urcelay, Paquita
- • Begiristain Urcelay, Silvestre.
- • Diez Sanchez, Eulogio.
- • Ecenarro Arostegui, Julia.
- • Estevez Saez, Maria Dolores.
- • Farraz Laskurain, Luzia.
- • Farraz Laskurain, Esther.
- • Herran Izarra, Anastasio.
- • Herran Izarra, Maria Carmen.
- • Lete Gabilondo, Maria Josebe.
- • Telleriarte Eguidazu, Sol.
- • Urcelai Arenaza, Maria Pilar.
- • Urcelai Arenaza, Francisco.
- • Urcelai Arenaza, Trini.
- • Viciola Velasco, Pilar.
- • Viciola Velasco, Esther.
- • Zuñiga Sanchez, Felipe.
Elgeta
- • Gorrotxategi Basauri, Pilar.
- • Arantzeta Arregi, Jose Luis.
Oñati
- • Garcia Zubia, Jose Maria.
- • Lucas Iturri, Marcial.
- • Olalde Ituarte, Alfredo.
- • Olalde Ituarte, Jabier.
- • Urteaga Madinabeitia, Maria Angeles.