Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasei erreparatuta, datuek ez dute hobera egin, oro har. Aretxabaleta izan da salbuespena, izan ere, gutxi bada ere, behera egin du tasa metatuak. Halere, oraindik 1.000 puntuen gainetik dago (1.087,57 ).
Positiboak erregistratu diren bailarako gainerako herrietan, aldiz, gora egin dute intzidentziek eta 400eko mugatik gero eta gehiago ari dira urruntzen zenbatekoak; batez ere, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan.
Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Heriotza bat bailaran
Osasun Sailaren asteko buletin epidemiologikoaren arabera, hilaren 12tik 18ra pertsona bat hil da Debagoienean, COVID-19aren ondorioz; zehazki, arrasatear bat. Gauzak horrela, dagoeneko 80 dira Arrasaten erregistratutako heriotzak, eta 160 eskualdekoak. Herri bakoitzeko datuak goiko mapan daude.
Eta Hego Euskal Herriari erreparatuta, azken datuen arabera, 5.281 lagun zendu dira pandemia hasi zenetik. Hurrengo grafikoetan daude jasota datuok:
Positibotasun-tasek gora
Atzo 14.893 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian eta 1.197 positibo atzeman zituzten; hau da, proben % 8,1ek eman zuen emaitza positiboa EAEn (aurreko egunean baino % 0,2 gehiagok) eta % 7,7k Nafarroan (%0,6 gehiagok).
Kasu berrien banaketari dagokionez, beste egun batez Bizkaia da positibo gehien izan dituen lurraldea (465) eta atzetik izan ditu Gipuzkoa (443), Nafarroa (184) eta Araba (99). Bestetik, sei izan dira EAEtik kanpo erroldatutakoen artean hautemandakoak.
Eta R0 adierazleari lotuta, EAEko azken egunetako beheranzko joera eten da azken orduetan; 1,03ko datua izan da erregistratu den azkena (aurreko egunekoa 1,02koa izan zen).
Hamahiru lagun, Debagoieneko ospitalean
EAEko erietxeetan ez da joera aldaketarik izan, eta astetik astera eta egunetik egunera presioa geroz eta nabarmenagoa da. Eskualdean, baina, aurreko egueneko datuarekin alderatuta, bi lagun gutxiago daude ingresatuta.
Erkidegora itzulita, atzo 94 lagun ospitaleratu zituzten, eta orotara 714 daude ingresatuta (herenegun baino hiru gehiago). Halere, Zaintza Intentsiboetako Unitateak eragiten du kezka gehien, izan ere, 165 dira ZIUetan dauden pertsonak (aurreko egunean baino zazpi gehiago).
Bestetik, Nafarroan, hamaika lagun ingresatu zituzten atzo eta guztira 209 daude erietxeetan; horietatik 35, ZIUn.