Idoia Apraiz: "Interes publikoko egoeretan, patenteen desjabetzea egin dezakete estatuek"

Eneko Azkarate Laspiur 2021ko api. 23a, 20:00

Jabetza industrial eta intelektualean zerbitzu integrala eskaintzen duen enpresa da Galbaian. Mondragon Taldeko kide. Garaia parke teknologikoan du egoitza. Enpresako bazkide eta patente aholkularia. Farmazian doktorea ere bada. Astelehenean Jabetza Industrial eta Intelektualaren (JI) Nazioarteko Eguna dela eta, Galbaianek jardunaldia antolatu du Garaian.

Zergatik da inportantea jabetza industriala eta intelektuala babestea eta patenteak sortzea?
Jabetza industrial eta intelektualeko (JI) eskubideak tresna estrategikoak dira enpresentzat. JI-ren eskubide garrantzitsuenetako bat hurrengoa da: JI-rekin babestuta dagoena hirugarren batek ustiatzea eragozteko eskubide esklusiboa. Patenteek asmakuntza babesten dute. Enpresa batek asko inbertitu behar du garatzen dabilen asmakuntza merkaturatzerako. Enpresa batek, asmatutakoarekin arrakasta baleuka, bere lehiakideak erraz kopiatu ahalko lioke asmakuntza, ez badu ondo babestu, adibidez, patente batekin; ez badu ondo babesten, bidea egin eta zabaltzen dio bere lehiakideari. 

Ezberdinak dira jabetza industriala eta intelektuala?
Bai. Jabetza industrialean patenteak, markak eta diseinuak dira modalitate garrantzitsuenak. Jabetza intelektualean, autore eskubideak sartzen dira. Ingelesez ez dago berezitasun hori, termino bakarra dago, Intellectual Property, non modalitate guztiak sartzen diren. Itzulpen gai bategatik, gero eta sarriago, jabetza intelektuala terminoa bakarrik erabiltzen da. 

Ideia onak merkaturatzen laguntzen diezue enpresei?
Bai. JI-k eskubide oso estrategikoa ematen dio bere jabeari: JI-rekin babestuta dagoena hirugarren batek ustiatzeko eragozteko eskubide esklusiboa. JI inbertsio bat da eta horrela kudeatu behar du enpresak. JI-ko modalitate desberdinekin produktuarengan esklusibotasun eremu bat sortzen laguntzen dio enpresari. Esklusibotasun esparru honekin, lehiakideak kentzeko aukera sortzen zaio enpresari. 

"Lan handia egin da administrazio publikotik eta JI-ko agentzietatik enpresak sentsibilizatzen. Baina oraindik pauso handiak emateko ditugu"

Hemengo enpresek, txiki eta ertainek, bereziki, badaukate patentea erregistratzeko ohituratik?
Gero eta gehiago; batez ere, enpresa ertain eta handietan. Arlo honetan hasi nintzenetik, orain dela 10 urte, enpresek JI-rekiko erantzuna eta joera asko aldatu dute. Lan handia egin da administrazio publikotik eta JI-ko agentzietatik enpresak sentsibilizatzen. Baina oraindik pauso handiak emateko ditugu. Teknologia enpresa txikiek eta start up-ek ere JI-ri gero eta garrantzi handiagoa ematen diote. JI kudeatzen duten enpresek argi dute bide horretatik joan behar dutela lehiakorragoak izateko eta baita enpresa handiekin elkarlaneko proiektuak lortzeko. JI izatea eta kudeatzea enpresa baten iraunkortasunerako gai esentzial bilakatu da. 

Zeintzuk dira haien erronkak?
JI era estrategikoan kudeatzea, batez ere. Ez da babestu behar babesteagatik. Estrategikoki babestu behar da; hau da, babesten duzun eskubideak etekin bat sortu eta eman behar dio enpresari. JI-ko eskubideak sortzeak, segun eta zenbat herrialdetan babestu nahi den, inbertsio handia dakar. JI ondo kudeatzeko, enpresak JI-rekiko ezagutza minimoak behar ditu, eta baita aholkularitza espezializatu kualifikatua. 

Astelehenerako, jardunaldia antolatu duzue Garaia parke teknologikoan. Jabetza intelektuala, industriala, patenteak... izango dituzue berbagai. Sortzaileak eta berritzaileak dira Euskal Herriko enpresak? Ideia berriak, negozio aukera berriak, gailu berriak... sortzen dituzte?
Bai, eta hor daude datuak. Europako Batasunak aldiro egiten duen azken Regional Innovation Scoreboard txostenean, Euskadi eskualde berritzaileen taldean sartu du. Dena den, azterketa honetarako, Europako Batasunak adierazle desberdinak neurtzen ditu, batzuk JI-rekin lotutakoak. Eta JI-ko Euskadiko adierazleak, antzeko Europako beste eskualde batzuekin konparatuz gero, ikusiko dugu asko dugula hobetzeko hemen.

"Interes publikoa izan ahal duten egoeretan, pandemia baten, esaterako, patenteen legeek ahalbidetzen dute txertoen desjabetzea, baina hori ez da lortzen epe motzean"

Patenteen kontuaz asko hitz egiten da azkenaldian, botika-enpresa handien txertoak direla eta. Patenteak liberatu egin beharko lirateke, munduan milioika txerto, denondako ekoizteko, askok dioten moduan?
Interes publikoa izan ahal duten egoeretan, patenteen legeek bi aukera ahalbidetzen dituzte: batetik, patentearen desjabetzea. Kasu hauetan, patentearen jabe estatua bilakatzen da eta horren truke patentearen titularrak indemnizazio bat jasoko luke. Bestetik, derrigorrezko lizentzia bat. Honetan ez legoke desjabetze bat, baizik eta derrigortu egiten da patentearen jabea lizentzia bat ematera beste batzuei. Hala ere, kontuan izan behar da patenteaz gain badaudela beste aktibo eta ekintza beharrezko batzuk txertoa ekoizteko: instalazioak, pertsonak, jakinduria edo know-how, Medikamentuen Agentziaren baimena, eta abar. Hori ez da lortzen patente bat desjabetzearekin edo lizentzia lortzearekin; are gutxiago, epe motzean. 

COVID-19ari aurre egiteko lortu diren txertoak diru publikoari esker sortutakoak dira. Zergatik ez da txerto gehiago sortzen eta gehiago heltzen izurriteari azkarrago aurre egiteko? 
Informazio falta dago honi era kontrastatuan erantzuteko. Europako Batasunak eta enpresa farmazeutikoek lankidetza akordio bat sinatu zuten eta alde bakoitzaren betebeharrak eta eskubideak arautzen dira akordio horretan. Baina ez dakigu zehatz-mehatz akordioa betetzen dabiltzan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak