105 positibo atzeman dira aste bukaeran Debagoienean

Mirari Altube Arrese 2021ko api. 19a, 13:40

Elgetan izan ezik gainerako herri guztietan baieztatu dituzte positiboak azken hiru egunetan: 33 Oñatin, 32 Arrasaten, 20 Aretxabaletan, 11 Bergaran, 4 Aramaion, 3 Eskoriatzan eta bana Antzuolan eta Leintz Gatzagan. Eremu gorrian jarraitzen dute Aretxabaletak, Arrasatek, Oñatik eta Eskoriatzak, eta gaur, Aramaio ere sartu da.

Positiboek ez dute etenik Debagoienean eta aste bukaeran ere Oñatin, Arrasaten eta Aretxabaletan atzeman dituzte kasu gehien. Kasu positibo metatuei dagokienez, Debagoienean, dagoeneko 6.848 biztanle izan dira COVID-19ak jotakoak; horietatik gehien Arrasaten, 2.811 herritar.

Kasu horien eraginez intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du; Oñatin 1.500etik gorakoa da eta Aretxabaletan 1.300etik gorakoa. Eremu gorrian jarraitzen dute bi herri horiek, Arrasatek (742,69) eta Eskoriatzak (901,78) eta Aramaio ere batu da zerrenda horretara (675,68).

Hona hemen azken hiru egunetako datuak:

  Egubakoitza Zapatua Domeka
Antzuola 0 0 1
Aramaio 0 4 0
Aretxabaleta 5 6 9
Arrasate 6 13 13
Bergara 2 5 4
Elgeta 0 0 0
Eskoriatza 1 1 1
Leintz Gatzaga 0 0 1
Oñati 16 11 6
Guztira 30 40 35

 

Datu guztiak daude hurrengo mapan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hego Euskal Herrian 772 positibo atzo

Atzo, 7.254 proba egin zituzten eta horietatik, 633 izan ziren positiboak, %8,7a: 71 Araban, 253 Bizkaian, 302 Gipuzkoan eta 7 Euskaditik kanpo bizi direnak. Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 60 pertsona ospitaleratu ziren atzo, domeka, eta COVID-19a duten 147 pertsona ZIUetan zeuden.

Nafarroan jasotako datuen arabera, atzo COVID-19aren 139 kasu positibo atzeman zituzten,  1.370 proba egin ostean. Positibotasun tasa % 10,1ekoa izan zen. Bestalde, 210 gaixo zeuden atzo ospitaleratuta Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino bederatzi gehiago. Atzo COVID-19ak jotako hamabi herritar ospitaleratu zituzten, horietako bat ZIUn.

Osasun egoera "kezkagarria"

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak biztanleriari zuhurtzia eskatu dio beste behin gaur goizean egindako adierazpenetan, osasun egoera kezkagarria delako eta oraindik ere goranzko joera duelako. Sagarduik esan duenez, une honetan murrizketa zorrotzak daude indarrean, eta "horiek betetzea da kontua". Horregatik, herritarren erantzukizuna eskatu du: "Gutako bakoitzak geure aldetik jarri behar dugu".

Ospitaleratzeak eta kontsultak areagotu egin direla azken asteetan ere esan du, eta Osakidetza arreta bermatzen dabilela gaineratu: "Osasun zerbitzu ona dugu, arreta bermatuta daukagu, baina egoera serioa da".

Txertaketa 

Txertaketa kanpainaren gaineko datu eguneratuak eman ditu gaur Osasun Sailak. Dagoeneko, 635.986 dosi jarri dituzte; 462.897 herritar dira lehen dosia jaso dutenak eta 173.089 bi dosiak. Zentro sozio-sanitarioetako egoiliar eta profesional guztiek jaso dituzte txertoaren bi dosiak eta Osakidetzako profesionalen 95,8%ak ere bai.

Orain arte, ostera, 681.800 txerto jaso ditu Osasun Sailak banatzeko: Pfizer 456.300; Moderna 70.900; eta AstraZeneca, 154.600. Eta bigarren dosirako gordetako txerto kopurua da 37.523.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak