Zergatik ekoitzi duzue ikus-entzunezkoa?
Beti esaten dut sekula ekoiztu beharko ez litzatekeen dokumentala dela. Baina, zoritxarrez, legeak milioika pertsona euren borondatearen aurka bizitzera behartzen ditu: autonomiarik gabe, duintasunik gabe eta sufrimendu handiarekin.
Oso gertutik bizi izandako istorioa jaso duzue...
Esango nuke maitasunari eta errespetuari egindako keinua dela. Dokumentalak erakusten du hamazazpi urte luzeren ostean alzheimerrak jota hil zen nire emazte Maribelen egunerokoa. Bi egunez egon ginen filmatzen nola bizitza duina izateko zailtasun handiak zituen.
Duintasunez hiltzeko eskubidea aitortuta egongo da laster...
Zorionez, bai. Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak eutanasia arautzen duen lege organikoa onartu zuen martxo amaieran, eta, horren ondorioz, araudia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean, ekainaren 25ean. Horrenbestez, duintasunez hiltzeko eskubidea aitortzen duen munduko zazpigarren estatua izango da Espainia.
Zer ekarriko dizu eutanasia legeztatzeak?
Legeak norbanako bakoitzaren erabakia errespetatuko du; eutanasiaren aurka eta alde dauden pertsonena, denena. Hori da lege honek duen onena. Orain arte, eutanasiaren alde geundenok berdin pentsatzen ez dutenak errespetatu behar izan ditugu, baina gu ez gintuzten errespetatzen.
Zuentzako berandu dator legea?
Bai, oso. Pena handia da Maribelek heriotza duinaz gozatu ezin izana. 2019ko martxoan hil zen bera. Hala eta guztiz ere, legea onartu zutenean izugarrizko poza sentitu nuen, aurrerantzean milioika pertsonak erabaki ahal izango dutelako nola bizi eta hil gura duten, beharrezkoa ez den sufrimendua saihestuz.
Horri buruz ere jardun zenuten Kulturaten...
Interesgarria izan zen: jende dezente elkartu ginen, eta galdera asko egin zizkiguten. Eutanasiaren bueltan jardun genuen hizketan, aurretiazko borondatearen dokumentua bereziki landuz.
Zertan datza?
Norbanako batek borondatea pertsonalki adierazi ezin duenean kontuan hartu behar diren jarraibideak jasotzen dira horretan. Mediku taldeari zuzendutako dokumentu bat da, eta legeak norbanakoa soilik babesten du; hau da, norberaren gaineko erabakiak soilik errespetatzen dira. Beraz, inork ezin lezake, adibidez, niretzat eutanasia eskatu.
Noiztik ari zarete borrokan?
Duela bi urte eta erdi hasi genuen. Semeetako batek, Danelek, oso gaizki ikusi zuen ama, eta gutun bat idatzi eta publiko egitea erabaki zuen. Harritu egin gintuen gutun hark emandako zeresanak, eta konturatu ginen badagoela kontzientzia sozial bat eta, beraz, borroka bat.
Gerora etorri zen dokumentala. Hainbat sari irabazi dituzue...
Nazioarteko hamalau sari: bost Europan, hiru Asian eta sei Amerikan. Izugarri pozik gaude, jakin-min handia piztu duelako, eta hausnarketara bultzatu.
Non ikus daiteke?
Nazioarteko jaialdietan erreproduzitzen ari dira, eta ziko hori amaitzean jarriko dugu ikusgai. Bien bitartean, elkarteen edo udalen bitartez ari gara erakusten