EAEko bisitariz bete dira tokiak, Aste Santuan

Maialen Santos 2021ko api. 16a, 20:02
Arantzazuko Interpretazio Zentrora egindako bisita gidatuetako bat.

Ezohiko Aste Santuan turistaz bete da Debagoiena, eta berritasuna izan da euskaldun bisitariak izan direla gehienak. Bisita gidatuek arrakasta izan dute, landetxeak eta hotelak beteta egon dira eta jatetxeek eta tabernek bezero ugari jaso dituzte.

Bailarako herrietan antolatutako turismo eskaintza arrakastaz burutu da aurtengo ezohiko Aste Santuan, eta programatutako bisita gidatu guztiak lepo bete dira. Segurtasun neurri guztiekin eta edukiera murriztuarekin egin behar izan dituzte, halere.

Mugikortasun mugen eraginez, EAE osoko bisitariak izan dira nagusi Debagoieneko herrietan azken egunetan, eta bailarako herritar askok ere aprobetxatu dute inguruko herriak hobeto ezagutzeko aukera. Herrian bertan geratu denik ere izan da.

Bisita gidatuek, jakin-mina

Eskaintza turistiko handieneko herria izan da Oñati. Arantzazu ez ezik, herriguneko monumentu historikoak, Arrikrutz kobak, Gomiztegiko Artzain Eskola eta Txokolatearen Interpretazio Gunea ikusteko aukera baliatu dute askok, eta Turismo Bulegotik azaldu dute bisita gidatuek jakinmin handia piztu dutela: "2019ko datuekin alderatuta, aurten bikoiztu egin dira bisitariak. Urte hartan, Oñatiko Turismo Bulegoak 580 bisitari turista jaso zituen, eta aurten, aldiz, 1.247 izan dira". Gehitu dute Altxorraren bila bisita gidatuak bete egin direla eta Txokolateixara ere jende ugari hurbildu dela, "500dik gora pertsona". Arrikrutzeko bisita gidatuak, bestetik, ordu erdian behin egin dituzte, eta 494 pertsonak izan dute aukera kobak bisitatzeko, aurrez erreserba eginda.

Ikerne Altube, udal teknikaria: "2019arekin alderatuta, bikoiztu egin dira Oñatira etorritako bisitariak"

Jatorriari dagokionez, bulegotik pasatu direnen %57 Bizkaikoak izan dira, %31 Gipuzkoakoak eta %12 Arabakoak.

Arantzazuko parkinga eta San Martingo autokarabana-gunea beteta egon dira, eta, horrenbestez, herriko beste gune batzuetan ere izan dira autokarabanak: "Gogoratu behar da gune horiek ez direla kanpatzeko lekuak, baizik eta aparkatzeko". Bergaran, bestalde, monumentu historikoetan hamar bisita gidatu egin dira, guztira. Laboratorium museotik 150 pertsona inguru pasa dira; gipuzkoarrak, gehienbat.

Laboratorium museoa: "Bergararen ondare aberatsak harritu egin ditu bisitariak"

Bergarako Turismo Bulegotik adierazi dute kanpotarrei "harrigarria" egin zaiela herria hain ezaguna ez izatea, "ondare aberatsa duela ikusi dutelako". Museoan dagoen material zientifikoak ere arreta piztu duela gaineratu dute.

Intxortako ibilbide gidatuan ere lau bisita egin dituzte Aste Santuko egunetan zehar, eta 22 lagunek erakutsi dute interesa –bisita bakoitzean gehienez ere sei pertsonak hartu dute parte–.

Ostatuak, ia beteta

Eguna pasatzera ez ezik, egun batzuk igarotzera eskualdera hurbildu denik ere egon da, eta, hain zuzen, ibarreko hoteletan eta landetxeetan hartu dute ostatu turistek. Aretxabaletan, Urkulu landetxean "jende mugimendua" sumatu dutela azaldu du bertako arduradun Monika Lizarzaburuk, nahiz eta azken unera arte gorabeherak izan dituzten: "Jende askok egin du erreserba, eta gero, bertan behera utzi". Halere, oro har, landetxea nahiko beteta izan dutela azaldu du, eta, bizkaitarrak ez ezik, Donostia inguruko jendea ere hartu dutela Urkulun.

Jesus Kalboetxeaga, Maialde nekazaritza turismoa: "Euskaldun jendea hartu dugula izan da aurtengo ezberdintasuna"

Elgetako Maialde nekazaritza turismoa ere "guztiz beteta" izan dute jaiegunetan, eta ia beteta Pazko astean. Bertako arduradun Jesus Kalboetxeagak adierazi du duela bi urteko Aste Santuarekin aldera daitekeela aurtengoa: "Iaz, konfinatuta egon ginen, baina duela bi urte aurtengo antzera ibili ginela esango nuke. Ezberdintasun bakarra zera izan da: aurten, euskaldun jendea hartu dugu gurean, mugikortasun neurrien eraginez".

Jatetxeetan, erreserba ugari

Tabernetan eta jatetxeetan mugekin aritu dira lanean; izan ere, zortzietarako itxi egin behar izan dituzte ateak, eta, ondorioz, ezin izan dute afaltzeko aukerarik eskaini. Edozelan ere, bazkaltzeko erreserba eta bezero ugari hartu dituztela azaldu dute.

Leintz Gatzagako Maulanda jatetxean "lanez gainezka" aritu direla azaldu du Itziar Fernandez de Arroiabek. "Inoiz baino lan gehiago izan dugu. Normalean, gainerako urteetan, Pazko asteko egun batzuetan jai hartu izan dugu, baina aurten ezin izan dugu, gainezka egon garelako". Gehitu duenez, bezero gehienak Donostia ingurutik joan zaizkie.

Itziar Fernandez, Maulanda jatetxea: "Inoiz baino jende gehiago izan dugu, ezin izan dugu jaiegunik hartu"

Gure Ametsa jatetxean ere ildo beretik aritu dira, "jaiegunetan lan handiarekin", bertako arduradun Josune Ibaberen hitzetan: "Izan ditugun bezeroak erkidego osotik etorri dira: Zarauztik, Zumaiatik, Bilbotik, Portugaletetik... ". Hala eta guztiz ere, aste batetik bestera izugarrizko aldea sumatu dutela aitortu du: "COVID-19 kasuen gorakadari lotuta, udalerriak perimetralki ixten hasi ziren, eta bezero kopurua ere murriztuz joan zen".

Eguraldi onak terrazetara ere erakarri ditu bisitariak. Aretxabaletako Orly tabernako Igor Ezkibel arduradunak igarri egin du hori: "Arratsaldeetan ibili da jende gehien, eta, herriko jendeaz gain, mendizaleak ere izan ditugu gurean".

Arantzazu, topaleku

Batez ere, euskaldun bisitariak hartu ditu Arantzazuk Aste Santuan. Bertako Turismo Bulegotik 605 lagun pasa dira: 603 izan dira EAE barruko bisitariak, eta nafar bat eta madrildar bat ere joan dira informazio eske. Lurraldeka, gipuzkoarrak izan dira bulegora gehien gerturatu direnak (275); jarraian, bizkaitarrak (245); eta gero, arabarrak (59). Bestetik, Arantzazun egin dituzten 21 bisita gidatuetan 104 lagunek hartu dute parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak