Tetraplegiak ere ez du Azkarate geldiaraziko

Xabier Urtzelai 2021ko api. 16a, 18:00

Harmailatik saioan aurreratu moduan, joan den asteburuan Avilesen egindako Espainiako Duatloi Txapelketan debuta egin zuen Joseba Azkarate oñatiarrak. Nazioartean lehian dabiltzan paratriatleten artean tetraplegia maila handiena duenak erakustaldia egin zuen. 

Joseba Azkarate oñatiarrak hitzordu handia aukeratu zuen duatloian debuta egiteko, joan den zapatuan Avilesen (Asturias) egin zuten Espainiako Duatloi Txapelketan estreinatu zen eta. Eta estreinaldia ez zen oñatiarrarena bakarrik izan, baita Antxintxikako kirol egokituaren sailarena ere, noski. Nahiz eta, oraingoan, Azkarate izan duten ordezkari bakarra. "Kontua da pandemia tarteko herri mailako lasterketak bertan behera utzi dituztela, eta, azkenean, zorionez edo zoritxarrez, Avileseraino joan behar izan genuen lasterketa batean esku hartzeko", azaldu dio GOIENAri Azkaratek. Aste barruko egunak zapatuan hartu zuen jipoitik errekuperatzeko baliatu ditu oñatiarrak: "Luzaketak eta halakoak egiten ibili naiz egunotan, errekuperazio lana egiten, dezenteko egurra jaso nuen eta". 

Ez zuten uste amaituko zuenik

Azkaratek proba gogorra izan zela aitortu du, baina ez dio aparteko garrantzirik eman horri. Lasterketa bertatik bertara jarraitzen egon zen Antxintxikako kide Aitor Rementeriak, berriz, beste berba batzuk erabili ditu Avileskoa laburbiltzeko: "Kirolean daramatzadan urte guztietan nik ez dut halakorik ikusi". Ez Rementeriak eta ezta lasterketako antolatzaileek ere ez zuten uste oñatiarra lasterketa amaitzeko kapaz izango zenik, baina helmuga gurutzatu zuen arte denak egon ziren txantxikuaren zain.

Euriak zaildutako proba

Egunean zehar kategoria ezberdinetako lasterketak egin zituzten, eta arratsaldeko azken orduan, paratriatleten txanda iritsi zenean, euria gogotik ari zuen. Guztira, 5 kilometro egin behar zituzten korrikako tartean, ondoren 18 kilometro egin behar zituzten bizikletan eta azken 2,5 kilometroak ostera ere korrika, eta 30 paratriatleta inguru abiatu ziren: "Nik korrikako tartea aulki gurpildun berezi batean egiten dut, eta ondoren, bizikletako tarterako handbike -a daukat. Bietan besoekin egiten dut indarra, baina ez dute zerikusirik; aulkian eserita noa, handbike-an etzanda... Bada, aulki gurpildunean izugarri sufritu nuen, eta, bereziki, lasterketa hasiera izan zen txarra. Zorua bustita zegoen eta bultzada bakoitzean heldulekuak irrist egiten zidan, edo, bestela, gurpilek.

Hala, lehenengo 200 metroak tortura hutsa izan ziren, eta ondoren, hala edo nola moldatzen hasi nintzen. Gero, ibilbideko zati batzuk aldapatsuak ziren, bihurgune batzuk itxiegiak ziren niretako... Halako zailtasunei ere aurre egin behar izan nien. Pentsa, arratsaldea aurrera zihoanez eta zirkulazioa ostera ere zabaltzeko ordua iritsi zenez, bizikletako tartea laburtzeko eskatu zidaten antolatzaileek, ez dakit 18 kilometroetatik zenbat egin nituen, baina oso gogorra izan zen, bai. Eta antolatzaileek eurek ere esan zidaten asko ikasi zutela; izan ere, nirea moduko lesioa duten paratriatletak kontuan izan behar dituzte ibilbideak diseinatzeko orduan".

Hain zuzen, lasterketa amaituta, Antxintxikako kideak zalantza horrekin bueltatu ziren Avilestik: badago nazioartean Azkaraterena moduko tetraplegia graduarekin duatloiak egiten duen kirolaririk? Eta paratriatletak baloratzeko ardura duen Samuel Garciaren eskutik iritsi da erantzuna: "Joseba moduko kasurik ez dut orain arte ikusi. Nire lankide batek nazioarte mailan egiten ditu epaile lanak eta baieztatu digu munduan ez dagoela Josebak baino muga funtzional handiagoa duen paratriatletarik, sekulakoa da egin duena". Rementeriaren ustez, Azkaratek eman duen ikasgaiak balio handia dauka, erakusten duelako mugak izatea ez dela aitzakia gura den hori lortzeko. Hala, hurrengo hitzordua apirilaren 24an izango dute, Oñatiko duatloian. "Ibilbidea ikusten ibili naiz eta lasterketa hori berezia izango da, zalantza barik, herrikideen aurrean izango da eta", dio Azkaratek. Aldi berean, Antxintxikarendako kirol egokituaren proiektuari Oñatiko herriak eman dion bultzada eskertzeko eguna ere izango da: "Sekulako babesa izan dugu".

Aitor Rementeria: "Halakorik inoiz ikusi gabe nengoen"

Antxintxika Triatloi Taldeko kirol egokituko sailaren debuta ere izan zen joan den zapatukoa, eta Joseba Azkaratek taldeko hainbat lagun izan zituen ondoan; tartean, urteetan klubeko presidente izan den Aitor Rementeria bergararra: "Inoiz ikusi dudan kirol erronka handiena izan zen Josebak egin zuena. Hunkitu egin ginen denok, baita antolatzaileak ere, ikustekoa izan zen zer-nolako gogoa eta sufritzeko gaitasuna erakutsi zituen lasterketan zehar, ikasgai galanta izan zen han batu ginen guztiendako. Sufritu egin genuen asko, COVID-19 protokoloa tarteko ezin ginen harengana gerturatu, ezin animatu, eta guretako ere gogorra izan zen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak