Bortizkeria sexistaren prebentzio goiztiarrerako materiala aurkeztu du Aldundiak

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko api. 14a, 20:22
Pausso materialaren aurkezpena, Gipuzkoako Foru Aldundian.

Haur eta gaztetxoekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko 'Pausso' izeneko material berritzailea argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Kalaka kooperatibarekin batera.

6 urtetik 14 urte bitarteko gazteengan indarkeria sexistaren prebentzio goiztiarra lantzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikus-entzunezko materiala garatu eta argitaratu du, lurraldeko hezkuntza sarearen eta hezitzaileen eskura jarriz. 'Pausso' izenburupean, haur eta gaztetxoen garatze une ezberdinetara egokitzen diren lau baliabide gauzatu dituzte, bakoitza bere gida didaktiko berezituarekin.

Egitasmo honen testuinguruan, animaziozko bideo bat, bideo-joko bat, bideo bat eta mugikorrarentzako aplikazio bat garatu dituzte, 6-8, 8-10, 10-12 eta 12-14 adin tarteetarako, hurrenez hurren. Goizean material horien ezaugarriak aurkeztu dituzte Eider Mendozak, Gobernantzako foru diputatuak, eta Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak. Beraiekin izan da aurkezpenean, baita ere, Ilazki Gainza, materialen diseinua gauzatu duen Kalaka kooperatibako kidea.

Eider Mendoza diputatuaren iritziz, "berebiziko garrantzia" du halako egitasmoei bidea ematea, kontuan izanda "indarkeria sexista emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdinkeriaren ondorio larriena" dela. “Horregatik da hain beharrezkoa txiki-txikitatik gai hau lantzea, indarkeria sexista prebenitzeko modurik eraginkorrena ziur asko hauxe delako, desberdinkeria eragiten duten egitura horiek, rolak eta estereotipoak desikasi eta balio eta eredu berriak lantzea, hain justu ere”, azpimarratu du.

Materiala hezkuntza formaleko eta ez-formaleko hezitzaile eta hezkuntza sareentzako eskuragarri jarriko da eta dagoeneko edonorentzako eskuragarri dago berdintasuna.eus webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak