45 positibo berri atzeman dira Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2021ko api. 14a, 12:42

Hemezortzi izan dira Arrasaten baieztatutako kasuak, hamar Eskoriatzakoak, zazpi Bergarakoak, bost Oñatikoak, lau Aretxabaletakoak eta bat Antzuolakoa. Gauzak horrela, 6.657 dira iazko martxotik hona Debagoienean erregistratutako COVID-19 kasuak.

Osasun Sailak argitaratutako asteko buletinean doikuntzak egon dira herrietako positibo metatuetan, eta bailarako kasu guztien zenbatekoa ere aldatu egin da.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Azken orduetan baieztatutako positiboek intzidentzia-tasak puztu dituzte bailarako hainbat herritan; baina alde nabarmenena Eskoriatzan izan da: 511,82tik 755,54ra igo da tasa. Eta Arrasaten ere gora egin du (700eko langa gainditu du) eta Bergara ere geroz eta gertuago dago Osasun Sailak markatutako mugatik.

Datu guztiak daude hurrengo mapan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Heriotza bat Aretxabaletan

Apirilaren 5etik 11ra bitartean 26 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren eraginez (aurreko asteko zenbateko bera); horietako bat, Debagoienean. Aretxabaletan erregistratu da heriotza, eta hemeretzi dira orain arte hildako aretxabaletarrak.

Gainerako herrietan zenbatekoak berdin mantendu dira: 79 Arrasaten, 37 Bergaran, hamalau Oñatin, zazpi Eskoriatzan eta bana Antzuola, Aramaio eta Elgetan. Guztira, 159 bailaran. Bestetik, 5.229 dira Hego Euskal Herrian zendutakoak.

1.215 positibo Hego Euskal Herrian

Atzo egindako 13.929 proben %8,9ak eman du emaitza positiboa EAEn eta %8k Nafarroan. Hala, 1.215 kasu atzeman dira; gehienak, beste behin, Gipuzkoan. 456 kasu baieztatu dira hain zuzen ere Gipuzkoan, 419 Bizkaian, 215 Nafarroan, 123 Araban eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datua 1,18koa izan zen atzo EAEn.

Eta ospitaleetan, 90 pertsona ingresatu zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, eta guztira 566 daude ospitaleetan (herenegun baino bederatzi gehiago); horietatik 133, ZIUn (aurreko egunean baino 6 gehiago). Nafarroan, aldiz, hamalau izan dira ospitaleratuak eta 202 dira guztira ingresatuta daudenak; horietatik 38 ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak