Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Oñati izan da atzoko egunez positibo gehien erregistratu zituen bailarako herria, eta azpimarratzekoa da intzidentzia-tasak 1.000ko langa gainditu duela; zehazki, 1089,99ko tasa du Oñatik. Eta egoera antzekoan dago Aretxabaleta ere: zortzi positibo berri hauteman ostean, 1.087,57ko intzidentzia erregistratu du.
Bestetik, nabarmendu behar da Debagoieneko beste herri bat ere batu dela 400etik gorako intzidentzia duten herrietara; Antzuolak Osasun Sailak markatutako langa gainditu zuen atzo (458,93), bi kasu berri baieztatu ostean. Halere, herri gorrien zerrenda ez da aldatzen astelehenetik hurrengo astelehenera bitartean, eta beraz, ez da –Jaurlaritzaren aginduz behintzat– neurririk ezarriko.
Positiboak hauteman diren eskualdeko herri guztietan egin dute gora intzidentziek eta hurrengo mapan daude datu guztiak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Gipuzkoak, 500eko intzidentzia
Lurraldeetako egoerak ere okerrera egiten jarraitzen du, eta dagoeneko eremu gorrian dagoen Gipuzkoak 500eko langa gainditu du. Beheko grafikoan ikusten da, lurraldez lurralde, tasa izaten ari den bilakaera, uztailetik hona:
Hego Euskal Herriko positibo berriei dagokienez, 894 atzeman dira, 11.541 proba diagnostiko egin ostean; proben %7,8k eman du emaitza positiboa EAEn eta %7,5ek Nafarroan. Lurraldeka, 315 kasu baieztatu dira Gipuzkoan, 298 Bizkaian, 168 Nafarroan, 106 Araban eta zazpi izan dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Kutsatzeei lotuta, oinarrizko birsorkuntza datuak behera egin du apur bat bada ere: 1,18tik 1,17ra.
104 ospitaleratze, EAEn
Ospitaleratzeei dagokienez, aspaldiko zenbateko handiena erregistratu da azken orduetan: 104 lagun ingresatu dituzte EAEko erietxeetan. Egoerak nabarmen egiten du okerrera egunetik egunera eta horren adierazle dira hurrengo datuak: guztira, 557 lagun daude EAEko ospitaleetan (herenegun baino hamabi gehiago, duela astebete baino 88 gehiago eta duela hilabete baino 212 gehiago) eta horietatik 127 daude ZIUn (herenegun baino bi gehiago, duela astebete baino 27 gehiago eta duela hilabete baino 30 gehiago).
Nafarroako erietxeetan, berriz, hamahiru pertsona ospitaleratu zituzten eta guztira 197 daude ingresatuta; horietatik 40, ZIUn.