Gipuzkoako "ehun ekonomikoa indartzeko" 95 milioi euro bideratuko ditu Foru Aldundiak

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko api. 12a, 19:07

Ekonomia Indartuz planaren aurkezpena. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Gipuzkoako ehun ekonomikoa "babesteko eta eraldatzeko" Ekonomia Indartuz plana aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundia. Horrela, laguntza eta neurri multzo bat taxutuko du lurraldeko ekonomia indartzeko eta COVID-19ak eragindako krisia gainditzeko.

95 milioi euroko zuzkidura izango du Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu duen Ekonomia Indartuz planak. Bi alderdi izango ditu. Lehenengoak, "pandemiak gehien erasandako pertsona eta sektoreei laguntzeko laguntza ekonomikoak eta neurri fiskalak" bilduko ditu, bereziki enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzenduta, eta 40,5 milioi xedatuko dira horretara. Gainera, "azpiegituretan inbertitzea bultzatuko du jarduera ekonomikoa bultzatzeko", eta 25,5 milioi euroko zuzkidura izango du. Bigarrenak, Aldundiak sustapen ekonomikorako eta berrikuntzarako programa nagusien zuzkidurari eutsiko dio (29 milioi euro), "ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzeko".  

Diru-laguntzetan, 12,5 milioi inbertituko ditu Foru Aldundiak. 4 milioi euro, Elkar-Ekinen enplegagarritasun-laguntzak indartzeko (3 milioi euro), eta milioi 1, aldi baterako erregulazio espedienteek eragindako edo langabezian dauden profesionalak birkualifikatzeko; 1,6 milioi, turismo-sektoreari; 1,9 milioi, gertuko merkataritzari. 1,9 milioi, ostalaritzari; milioi 1 euro lehen sektoreko azpisektore kaltetuenei; 2 milioi euro kulturaren eta kirolaren esparruei; eta 150.000 euro, artisautza sektoreari.

Fiskalitatean, 28 milioi euro inbertituko ditu. "Neurri horiek, batez ere, krisiak gehien zigortu dituen kolektiboentzako laguntzetarako, hala nola autonomoentzako, mikroenpresentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzetarako" bideratuko dutela azaldu dute.

Bide-azpiegituretan, bestalde, 25,5 milioi euro inbertituko dituzte "pandemiaren ondoriozko aurrekontu jaitsierak eragindako proiektuak berrabiaraziz edo bizkortuz", eta ekonomia sustapeneko eta berrikuntza programetarako 29 milioi euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak