70 urtetik gorakoen eta arrisku handiko kolektiboen txertaketa abiatuko da

Uxue Igarza 2021ko api. 9a, 16:04

Asteburuan 80 urtetik gorakoen txertaketa amaitzea aurreikusten du Osakidetzak, eta hitzorduak ematen hasiko da 70 eta 79 urte bitarteko herritarrei eta arrisku handiko kolektiboetako kideei.

Pfizer-en 70.000 dosi baino gehiago ailegatu dira aste honetan Euskal Autonomia Erkidegora, eta horiek baliatuta, txertaketa-kanpainan aurrera egingo dutela azaldu du Osasun Sailak.

Osakidetzak adierazi duenez, lehen dosia hartu ez duten 80 urteko herritarrek asteburuan hartuko dute txertoa, hurbilen duten txertaketa-puntuan. "Txertoa etxean hartu behar duten 80 urtetik gorako pertsona batzuk baino ez dira geratuko dosia hartzeko; kasu horietan, txertaketa datorren astean amaituko da", zehaztu du. Bestetik, gehitu du kolektibo horretako pertsonaren bat hitzordu gabe geratu bada, astelehenetik aurrera dagokion osasun-zentrora deitu ahalko duela hitzordua hartzeko.

Eta hurrengo bi taldeak zeintzuk diren ere zehaztu du Osasun Sailak: arrisku handiko kolektiboak eta 70 eta 79 urte bitartekoak. Lehenengo taldeari dagokionez, bihar eta etzi emango zaie txertoa peritoneo-dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsona guztiei (adina edozein dela ere) eta datorren astetik aurrera, hemodialisian daudenek hartuko dute lehenengo dosia.

Eta 70 urtetik gorakoei lotuta, asteburu honetan hasiko zaie hitzordua ematen, eta nagusienak izango dira lehenengoak; 1942an eta 1943an jaiotakoak, hain zuzen ere.

Hitzordua, SMS bidez

Osakidetzak jakinarazi du SMSa bidaliko zaiela txertoa hartu behar dutenei eta bertan esteka bat jasoko dutela webgunean txanda hartzeko: "OTI txartelaren zenbakia, lehen abizena eta jaiotza-data sartu beharko dituzte, eta txertoa jartzeko egun eta orduak eskainiko zaizkie, zuzenean". Nolanahi ere, batzuekin telefonoz jarriko direla harremanetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak