Europako Auzitegiak errefusatu egin ditu Xabier Perez de Arenazaren eta Josu Muguruzaren senitartekoen eskaerak

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko api. 9a, 12:55

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ontzat jo du Espainiak kalte-ordaina ukatzea estatu indarkeriaren biktima izandako Xabier Perez de Arenazari zein Josu Muguruzari. Atzo eman zituen argitara senitartekoek aurkeztutako demandekin lotutako ebazpenak.

Honenbestez, senitartekoek aurkeztutako eskaera biak errefusatu ditu Estrasburgoko auzitegiak. Perez de Arenazaren alargun Maria Isabel Iturbek eta alaba Alaitz Perez de Arenazak aurkeztutakoa bat, eta Josu Muguruzaren bikotekide Elena Bartolomek eta alaba Ane Muguruzak aurkeztutakoa bestea.

Espainiako Gobernuak 2013. urtean ukatu zien GALeko bi biktimei pareko trataera kalte-ordainen ordainketan, ETAko kide izatea argudiatuta. Xabier Perez de Arenaza (Aretxabaleta-Arrasate) GALeko mertzenario batek tirokatu zuen 1984ko maiatzaren 23an Biarritzeko gasolindegi batean. Josu Muguruza 1984ko azaroaren 20an hil zuten tiroz Herri Batasuneko diputatu kargua hartu bezperan Madrilgo jatetxe batean afaltzen ari zela.

Egiari Zor Fundazioak ebazpenarekiko bere desadostasuna agertu du; izan ere, erabakiak bi biktimek errugabetasun-presuntziorako duten eskubidea urratzen duela uste dute. "Ez ziren sekula epaituak edo kondenatuak izan ETAko kide izateagatik. (...) Europako Gorteak ondorioztatu duenez demandatzaileek ez dute frogatu loturarik dagoenik beren senidearen aurka artxibatutako zigor-prozesuen eta haiek hasitako konpentsazio-prozeduren artean (...) Beste lau aldiz egin duen bezala, Estrasburgoko Auzitegiak ukatu egin du Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6.2 artikulua –errugabetasun-presuntzioari buruzkoa– aplikatzea (...), eta berretsi egin du estatuaren terrorismoaren biktimen beste familia batzuen eskaerak ezesteko aurretik emandako argudioa".

Egiari Zor Fundazioak uste du interpretazio hori "eskandalua" dela. "Edozein pertsona izan behar da errugabe epai irmo batek bere zigorra zehaztu artean. Gure atsekabea adierazi nahi dugu eta (...) salatu nahi dugu erabaki honek, beste behin, bigarren mailako biktima trataera ematen digula estatuaren biolentziak pairatu ditugunoi".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak