Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Azken egunetako joerari jarraituz, positibo ugari atzeman dira bailaran; batez ere, herri handienetan. Eta horrek eragin zuzena izan du intzidentzia-tasetan. Bergaran izan ezik (duela bi aste erregistratutako positibo kopurua altuagoa izan zelako), positiboak hauteman diren gainerako herrietan, igo egin da tasa. Eta gogoratu behar da azken hamalau egunetan positiborik erregistratu ez dutenetan (Aramaio, Elgeta eta Leintz Gatzaga), 0,00ko intzidentzia-tasa metatua dutela.
Azken datuetara itzulita, aipatzekoa da Arrasatek 600eko langa gainditu duela, Aretxabaletak 700ekoa eta Oñatik 800ekoa, eta beste udalerriek ere 300etik gorako intzidentzia-tasa dute (Osasun Sailak ezarritako 400eko muga gainditu ez duten arren).
Datu guztiak daude hurrengo mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Gipuzkoa eta Araba, gorri
Gipuzkoako intzidentziak gora egiten jarraitu du (431,25) eta Araba, 400etik behera bazegoen ere, gune gorrira sartu da azken datuarekin (409,74). Bizkaiak, bestetik, 317,39ko intzidentzia-tasa erregistratu zuen atzo.
Positibo berriei dagokienez ere, Gipuzkoan erregistratu dira Hego Euskal Herriko kasu gehienak. Atzo 13.901 proba diagnostiko egin ziren lau lurraldeetan eta %7,4k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %9,1ek Nafarroan. Guztira, 1.085 kasu baieztatu ziren: 334 Gipuzkoan, 314 Bizkaian, 293 Nafarroan, 140 Araban eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Eta oinarrizko birsorkuntza datuak ere gora egiten jarraitzen du. Euskal Autonomia Erkidegoan 1,13koa izan zen atzo, eta nabarmendu behar da Gipuzkoako datua gainerako lurraldetakoa baino kezkagarriagoa dela (1,21).
Osasun Sailak argitaratutako taulan ikus daiteke azken egunetan R0 datuak izan duen bilakaera:
Bestetik, ospitaleratzeek ere ez dute atsedenik eman. 74 lagun ingresatu zituzten atzo, eta 472 dira guztira EAEko erietxeetan daudenak. Plantan ez da aldaketarik egon, baina Zainketa Intentsiboetako Unitateetan hiru lagun gehiago daude; guztira, 106.
Beheko grafikoan, uztailaren 1etik atzora arte erregistratutako ospitaleratzeak adierazten dira (zazpi egunetako batez bestekoen bidez). Argi ikusten da azken egunetako joera goranzkoa dela:
Nafarroan, aldiz, hamahiru izan dira azken orduetan ospitaleratutakoak eta guztira 178 daude ingresatuta; horietatik 31, ZIUn.