A-636 Peajerik Ez plataformak zapatuko manifestazioan parte hartzera deitu ditu debagoiendarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko api. 8a, 12:45

Plataformako kideek agerraldia egin zuten, atzo, Zumarragan. Gogor kritikatu dute bidesariak jartzeko erabakia eta gezurretan aritzea leporatzen diete Foru Aldundiko arduradunei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bergara eta Beasain arteko autobide zatia ordainpekoa izateko hartutako erabakiarekin ados ez, eta A-636 Peajerik Ez plataforma sortu zuen herritar talde batek. Diote, besteak beste, ez dela egia Europako arauek diotenik horrelako autobideetan bidesariak jarri behar direla.

Plataformako kideek agerraldia egin zuten, atzo iluntzean, Zumarragan. Jokine Lizarralde eta Edu Reguero bozeramaileak azaldu zuten hainbat arrazoi dituztela bidesari sistemaren aldeko argudioekin ados ez egoteko. Hala, manifestazioa deitu dute zapaturako. Zumarraga eta Urretxu artean egingo dute, 12:00etan, Areizaga Emakumeen plazatik abiatuta. Debagoieneko eta Goierriko herritarrak parte hartzera deitu dituzte.

Bidesari sistemaren kontrako argudioak

Autobidea eskualdeko ikasleek eta langileek erabiltzen dutela adierazi dute plataformatik, eta ordainpekoa izateak kolektibo horiei beste zerga bat ezartzea ekarriko lukeela salatu dute. Gogorarazi dute Deskarga konpontzea beharrezkoa zela, eta eskualdeko herritarrendako ez dagoela autobidea erabili beste aukerarik.

Gezurretan aritzea leporatu diete Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbideri zein "haren esanak bere egin eta defenditu dituzte Jon Luquiri –Urretxuko alkatea– eta Mikel Serranori –Zumarragako alkatea–". Azpimarratu dute frogatu dutela ez dela egia Europak bidesariak ezartzera behartzen duenik. Ziurtatzen dute, gainera, ez dela egia Europa osoan gero eta bidesari gehiago daudela: "Alemania, Danimarka, Herbehereak, Erresuma Batua –Euro Tunela izan ezik–, Belgika eta Suediak ez dute bidesaririk. Suitzan, besteak beste, 35 euro ordaintzen dira urtean. Espainia ere bere bidesariak desegiten ari da".

Gaineratu dute EAEn biztanle eta boto gehien dauden tokietan ere ez dutela bidesaririk ordaintzen eta galdetzen dute ea kontua obra egiteko kostuari aurre egitea bada kobratzeari utziko dioten behin hori amortizatuta.

Bidesaria Foru Aldundiak bederatzi banketxerekin sinatutako mailegu-kontratuaren eskakizuna dela ziurtatu dute, eta idatziz jasota dagoela bidesariaren zenbatekoa zein kanonaren igoera. "Bankuak dira, eta ez Europar Batasuna, maileguetarako bidesariak eskatzen dituztenak".

A-636 Peajerik Ez plataformatik dimisioak eskatu dituzte, eta Bilduri galdetzen diote argitzeko zein izango den bere jarrera Aldundiko agintera heltzen bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak