Emakumeak gehiengoa dira osasun arloko lanbideetan

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko api. 7a, 13:33
Erizain bat txertoa hartzen Arrasateko ESIn.

Osasunaren Munduko Eguna da gaur, apirilak 7, eta hori dela eta 2021eko Osasunaren Panorama txostena kaleratu du Eustatek. Besteak beste, laguntza-baliabideei, osasun-arazoen arretari eta osasun-gastuari buruzko datu esanguratsuen berri eman dute.

EAE mailan egindako txostenak hainbat datu eta estatistika esanguratsu batzen ditu. Azpimarratzekoa da, osasun-jardueren adarrak 62.078 pertsonari ematen diela enplegua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguen % 6,7 hartzen duela. Pertsona horietako gehienek (% 55) ospitale-jardueretan egiten dute lan eta % 75-a emakumeak dira.

Erizaintzako langileak dira kolektibo nagusia (16.826), eta ondoren medikuntzakoak (12.045), farmaziakoak (3.196), fisioterapiakoak (2.887), odontologiakoak (1.856) eta azkenik psikologiakoak (1.849). Giza baliabide guztietan, emakumeak dira nagusi, erizainen kasuan batez ere (% 90).

Txostenak aipatzen du ere, feminizazio hori Osasun-zientzietako unibertsitate-ikasketetara hedatzen dela. 2018/2019 ikasturtean, adibidez, emakumeak psikologian graduatutakoen % 86 izan ziren, % 85 erizaintzan, % 78 farmazian eta % 71 medikuntzan.

Gainera, Eustaten txostenak jasotzen duenez, generoak aldeak markatzen ditu osasun-zerbitzuen erabileran eta erikortasunean. Adibidez, emakumeak maizago joaten dira lehen mailako arretako kontsultetara, eta gizonak, berriz, sarriago ospitaleratzen dira.

Bestalde, lehen mailako arretako osasun-arazo ohikoenak aldatu egiten dira adinaren arabera: 15 urtetik beherako pertsonen artean arnas aparatuari dagozkionak dira (goiko traktuko infekzio akutua eta asma), 15-34 urtekoen artean larruazaleko gaixotasunak, 35-64 urtekoetan lokomozio-aparatukoak eta 65 urte eta gehiagokoetan, zirkulazio-aparatukoak (hipertentsioa) gizonengan eta lokomozio-aparatukoak emakumeengan.

Osasun-gastuei dagokionez, 2019an %4,7ko hazkundea izan zuen, urte horretako BPGren hazkundea baino %3,3 gainetik, alegia. EAEk 7.042 milioi euro bideratu zituen osasunera 2019an, aurreko urtean baino %4,7 gehiago (biztanle bakoitzeko 3.216 euroko gastua). Gastu horren % 68,9 sektore publikoak finantzatu zuen, eta % 31,1 sektore pribatuak.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak