41 positibo hauteman dira bailaran eta Aretxabaleta eremu gorrian sartu da

Uxue Igarza 2021ko api. 7a, 13:04

Aretxabaletak 480,23ko intzidentzia-tasa erregistratu zuen atzo eta eremu gorrira igaro da. Halere, momentuz ez da neurri murriztailerik indarrean sartuko; izan ere, astelehenero Osasun Sailak argitaratuko duen zerrendari erreparatuko zaio horretarako.

Debagoienean 41 positibo baieztatu dituzte atzo egindako probek: hamahiru Aretxabaletan, hamabi Oñatin, hamaika Arrasaten, lau Eskoriatzan eta bakarra Bergaran. Gauzak horrela, dagoeneko 6.357 lagun kutsatu dira eskualdean, pandemia hasi zenetik.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Positibo berriek Debagoieneko intzidentzia-mapa gorritu dute. Atzoko hamahiru positiboekin 400eko intzidentzia-tasa gainditu du Aretxabaletak –horitik gorrira igaro da egun bakarrean–, baina aurreratu bezala, ez da Osasun Sailak agindutako neurririk abiatuko bertan. Astelehenero kaleratuko den ebazpenean izendatutakoak  izango dira soilik neurri murriztaileak ezarri beharko dituzten udalerriak.

Hain zuzen ere, atzo kaleratu zen udalerrien ebazpena –astelehena jaieguna izan zelako– eta Arrasate eta Oñati ageri ziren bertan. Hala, gaur indarrean dira neurriok, eta intzidentzien bilakaerari erreparatuta, datuek ez dute hobera egin: 584,23ko tasa erregistratu du Oñatik eta 557,01ekoa Arrasatek. Bestetik, Bergara da mugatik gertuen dagoen eskualdeko herria: 359,14koa du (herenegun 372,44koa izan bazen ere).

Herri guztietako datuak daude beheko mapan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Gipuzkoa, muga gorrian

Azken datuen arabera, 392,39ko intzidentzia du Gipuzkoak, eta eremu gorrira (Araba dagoen bezala) igarotzeko arriskua du. Dena den, lurraldearen itxiera perimetrala ere asteleheneko ebazpenaren araberakoa izango da.

Bestetik, Hego Euskal Herrian, 11.944 proba diagnostiko egin ziren atzo eta %7,9k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %8,4k Nafarroan. Kutsatzeei 348 kasu baieztatu dira Bizkaian, 282 Gipuzkoan, 198 Nafarroan, 93 Araban eta zortzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Eta adierazleekin jarraituz, Oinarrizko birsorkuntza datuak okerrera egin du EAEn: 1,08koa da (aurreko egunean baino 0,02 altuagoa), baina berriz ere Gipuzkoan jarri behar da arreta, izan ere, 1,16koa da lurraldeko R0 datua.

EAEko ospitaleetan, berriz, 66 lagun ingresatu zituzten atzo, eta guztira ospitaleratuta daudenak 469 dira, herenegun bezala. Nolanahi ere, aldaketak egon dira: bost gutxiago dira ZIUn daudenak (guztira 100) eta bost gehiago plantan daudenak (369). Nafarroan, bestalde, hamazazpi lagun ingresatu zituzten eta guztira 169 daude erietxeetan; horietatik 28 ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak