Itzuliak Deskargako eta Gorlako mendateak zeharkatuko ditu

Hasier Larrea 2021ko api. 5a, 09:56

2019ko Itzulia, Karabietan.

Gaur hasiko da Bilbon Euskal Herriko Itzulia, eta apirilaren 10ean amaituko da Arraten. Punta-puntako txirrindularien parean arituko da Mikel Aristi bergararra. Osteguneko lasterketak bailara osoa zeharkatuko du, Arlabandik Deskargaraino. Zapatuko azken etapan, berriz, Azkoititik Soraluzera igaroko dira, Bergaratik pasaz.

2021eko Euskal Herriko Itzuliak urrezko gonbidatuak izango ditu, tartean iazko Tourrean maillot horia azkenera arte borrokatu zuten Primoz Roglic eta Tadej Pogacar txirrindulari esloveniarrak. Osagai erakargarri horri Ion Izagirre eta Mikel Landaren presentzia gehitu behar zaio; ormaiztegiarra da Itzuliko azken txapelduna –2020an bertan behera gelditu zen–, eta murgiarra beti sartzen da sailkapenaren goialdean egoteko kinieletan.

Bilbon, Sestaon, Ermualden, Hondarribian, Ondarroan eta Arraten amaituko dira aurtengo sei etapak. Laugarrenean, apirilaren 8koan, Gasteiztik irtengo dira txirrindulariak, Landarako norabidea hartuta. Arlabango mendatetik iritsiko dira Eskoriatzara, ostean Aretxabaletatik, Arrasatetik, Bergaratik eta Antzuolatik pasatzeko. Antzuolan Deskargako mendatea igoko dute,  hirugarren mailako aldapa. Eguerdi aldean pasako dira bailaratik, beraz, ziklista profesionalak.

Handik bi egunera, hilaren 10ean, emango zaio amaiera aurtengo Itzuliari, prestigio handiko Arrateko igoeran (Eibar). Horra iristeko, baina, Elosu-Gorlako mendatea zeharkatu beharko dute txirrindulariek. Bigarren mailako portura 15:30ak eta 16:00ak artean iritsiko direla kalkulatu du antolakuntzak. Behin hori jaitsita, Bergaratik Soraluzera abiatuko dira, Mekolaldetik eta Osintxutik pasaz. Itzuliko garaile irten nahi duenak bereziki fin ibili beharko du hortik aurrerako kilometroetan.

Antolakuntzatik jende pilaketak saihesteko deialdia egin diete zaleei.

Mikel Aristi, esprintean maila ematera

Euskaltel-Euskadiko txirrindularia orkatilan bihurritu bat izatetik helduko da astebeteko proba honetara. Joan den Zapatuan Miguel Indurain Sarian korritu zuen, baina ezin izan zuen lasterketa amaitu. Bergararra bere azken metroetako abiadura erakusten eta aukerak baliatzen saiatuko da helmugaren batean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak