Arrasate da Debagoienean eremu gorrian dagoen herri bakarra. Hala ere, azken egunetan hartutako neurriek ez dute eraginik izango apirilaren 6ra arte –apirilaren 5eko datuak hartuko dituzte kontuan horretarako–.
Aretxabaleta eremu berdera
Eremu gorritik gertuen dagoen bailarako hurrengo herria, berriz, Oñati da 340,08eko intzidentziarekin. Eta, haren atzetik Bergara 332,54rekin. Aretxabaletak, ostera, joan den eguaztenetik, hilaren 24tik, ez du izan kasu positiborik eta eremu berdera pasatu da, (56,50). Gaur gaurkoz eremu berdean dagoen EAEko herri bakarra da.
Azken 14 egunetako inzidentzia tasaren arabera honela banatzen dira eremuak: berdea, intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 azpitik dagoenean; eremu horia 60-299 artean dagoenean; laranja, 300-399 artean; eta gorria, 400etik gorako intzidentziarekin. Datu hauek jasotzen dira, 5.000 pertsonatik gorako biztanleria dituzten herrietan.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Azken datuekin osatuta dago beheko mapa:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herrian 794 positibo
Euskal Autonomia Erkidegoan 8.193 test diagnostiko egin ziren, atzo, eta, horietatik, 631 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera: 118 Araban, 297 Bizkaian, 210 Gipuzkoan eta 6 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan. Nafarroan, aldiz, 2.652 proba egin zituzten, eta horietatik 163 izan ziren positiboak, positibotasun-tasa %6,1 izanik.
EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 39 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta ZIUetan 84 pertsona daude COVID-19ak jota. Bestalde, martxoaren 21etik 28ra bitartean metatutako datuak aztertu ondoren, ondoriozta daiteke COVID-19a dela eta 33 hildako egon direla, aurreko astean baino 15 gehiago. Debagoienean ez da izan hildakorik.
Nafarroan, ostera, ez da izan hildakorik azken orduetan eta ospitaleetan 120 lagun daude COVID-19ak jota; atzo hain zuzen ere hamar lagun ospitaleratu zituzten.